(argazkia: Euskal Ardi Moztaileen Elkartea)

Euskal Herria ardi moztaile herria dela aldarrikatuko dute Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan

Lehen aldiz Euskal Herriko selekzioa munduko beste 28 herrialderekin batera izango da lehian martxoaren 4tik 7ra Mastertonen  

Euskal Herriko moztaileak martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den munduko txapelketan lehiatuko dira lehen aldiz. Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen arabera, “mugarri historikoa izango da Euskal Herria munduko 28 herrialderekin batera lehian izatea”.

Golden Shears World Championship izenez ezaguna den munduko txapelketa hiru urtean behin ospatzen da.  Aurtengoa izango du hogeigarren edizioa. Euskal Herriko selekzioarentzat lehena.

Euskal Herriko selekzioko kirolariek gogoratu dutenez, “duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu Abadiñon, Euskal Herrian inoiz egin den txapelketarik handiena. Orain, munduko txapelketan lehiatuko gara lehen aldiz Euskal Herri osoaren izenean”.

Nabarmendu dutenez, “ardi moztaileok gazteongan inspiragarri izan nahi dugu. Izugarria da egiten ari garen bidea. Zabaltzen ari zaizkigun bide berriak. Hankak lurrean ditugu eta badakigu lan asko dagoela egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horretan jarraituko dugu. Orain arteko filosofia berarekin: lana, lana, lana eta nola ez… artilea”.

Euskal Herriko selekzioa 2025eko nazioarteko zirkuituko eta Abadiñon egindako Euskal Herriko txapelketako emaitzek erabaki dute. Hori horrela, lehenengoz munduko txapelketan parte hartuko duen Euskal Herriko selekzioa makinazko bi moztailek – Mikel Etxebarria (Dima) eta Joseba Ugalde (Lezama) –, guraizezko bi moztailek – Ipar Arrinda (Lekeitio) eta Josu Ekisoain (Ibiriku) – , bi artilarik – Janire Artabe (Dima) eta Mikel Velasco (Arrasate) –  eta taldeburuak – Joseba Attard (Bedarona) – osatuko dute.  “Moztaileok Euskal Herri osoaren ordezkari bilakatuko gara; lehen sektorearen, gure baloreen, ondarearen, jakintzaren, nortasunaren eta identitatearen erakusleiho bilakatuta nazioartean. Ardi moztaileontzat ohore bat da gure herria ordezkatzea”, azpimarratu dute, eta aldarrikatu: “parte-hartze historiko hau Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat da”.

Munduko Txapelketarako prestakuntza

Euskal Herriko selekzioa igandean, otsailak 8, abiatuko da Zeelanda Berriko lurretara. Espedizioak hiru asteko prestaketa berezia egingo du munduko txapelketa hasi aurretik. Helburua esperientziaz gozatzea bada ere Euskal Herria moztaile herria ere badela aldarrikatu nahi dute mundu mailan.

“Guretzat lehen aldia izango da munduko txapelketan. Munduko moztaile onenekin lehian arituko gara, maila eta esperientzia handia dutenak. Gu gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Han ikusi eta ikasitakoa Euskal Herrira ekarriko dugu, hobetzen jarraitzeko”, adierazi dute euskal selekzioko moztaileek.

Parte hartuko duten herrialdeak

  1. Euskal Herria
  2. Argentina
  3. Australia
  4. Txile
  5. Cook Uharteak
  6. Txekiar Errepublika
  7. Ingalaterra
  8. Estonia
  9. Falkland Uharteak
  10. Finlandia
  11. Frantzia
  12. Alemania
  13. Man Uhartea
  14. Japonia
  15. Mongolia
  16. Herbehereak
  17. Zeelanda Berria
  18. Ipar Irlanda
  19. Norvegia
  20. Irlandar Errepublika
  21. Eskozia
  22. Hego Afrika
  23. Espainia
  24. Suedia
  25. Suitza
  26. Uruguai
  27. Ameriketako Estatu Batuak

Gales

Zabaldu:

Utzi erantzuna