(argazkia: Galdakaoko Udala)

Euskal Herria, Kornualles, Britainia eta Kosovoko doinuak ekarriko ditu Musika Bizian jaialdiak Galdakaora

Hitzordua urriaren 27an eta 28an izango da Iturrondo plazan.

Galdakao munduko plaza izango da beste behin ere urriaren 27an eta 28an. Musika Bizian jaialdiko bederatzigarren edizioa egingo da bertan, eta Euskal Herriko, Kornuallesko, Bretainiako eta Kosovoko doinuak entzuteko aukera izango da, Iturrondo plazan.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak adierazi duenez, “estaturik gabeko herrietako musikaren erreferente bihurtu da Musika Bizian” eta antolaketaz arduratzen den Andra Mari Dantza taldeari esker onak eman ondoren, Galdakaora etortzeko gonbita luzatu dio jendeari. Bere aldetik, Unai Zabala Andra Mari taldeko presidenteak esan du jaialdi askotan estaturik gabeko herrietako kulturekin egin dutela topo eta hortik sortu zela Musika Bizian antolatzeko ekimena.

Bere iritziz, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden herrietako musika, kultura eta hizkuntza erakustea da jaialdia berezi egiten duena.

Zentzu berean mintzatu da Garazi Maeso Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko kidea, “munduko kultur-aniztasunaren isla izateaz gain, Musika Bizian kultura gutxiagotu eta zapalduen arteko elkartasun jaialdia dela adierazi du”. Horrez gain, musika kontsumitzeko moduak aldatu diren honetan zuzeneko musikaren aldeko apustua dela adierazi du.

Garatz Unamunzaga Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko kideak musika emanaldien berri eman du, eta jaialdia osatuko duten gainontzeko ekimenenak ere aipatu ditu. Musikari dagokionez, Gozategi eta McOnak euskal taldeak, Kornualleseko The Stowes, Bretainiako Startijenn eta Kosovoko Gipsy Groove igoko dira Iturrondo plazako agertokira.

Urtero bezala, Luthierrak ere izango dira Iturrondon eta haiekin batera musikari artisauak. Beraien lana balioan jarri du Unamunzagak, “luthierrik eta musikari artisau barik ez legoke musikarik”, adierazi du.

Taberna Ibiltaria eta kale animazioak Iturrondo eta inguruak girotuko dituzte eta edateko eta jateko aukera ere izango da: txosna eta taloak izango dira karpan.

Zabaldu: