‘Euskal Herria Nature’ erakusketa Gasteizko naturaren interpretazio zentroan ikusgai

Click argazkilari taldearen arabera, “erakusketaren jatorrian izadia eta argazkigintzarekiko maitasuna daude, eta Hego Euskal Herriko lekurik berezienetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du”.

Euskal Herria Nature izeneko erakusketa Gasteizko Atarian, Salburuko Parkeko Ingurumenaren Interpretazio Zentroan, paratu du Click argazkilari taldeak irailaren 6ra arte. Egileek azaldu dutenez, “erakusketaren jatorrian izadia eta argazkigintzarekiko maitasuna daude, eta Hego Euskal Herriko lekurik berezienetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du”.

Hala, hamabi argazkilariren berrogeita hamar lan paratu dituzte erakusketa honetan. Click taldearen asmoa Euskal herriko txoko askotan aurki daitezkeen ingurune naturalak, paisaiak, faunak eta florak eragiten dituzten sentsazio eta sentimenduak ezagutaraztea da.

Ataria naturaren interpretazio zentroko arduradunek diotenez, “erakusketako argazkiek ingurune naturalean argia harrapatzeko artea deskubritzen dute; ikuslea liluratzeko gai dira, inguratzen gaituen paisaian, faunan edo floran harrapatutako une paregabeak transmititzen baitituzte. Gure izadian bizitako uneak direnez gero, gure ondare naturalaren ikuspegi hurbil eta eguneroko hori transmititzen dute“.

Click Taldeko kideen ezaugarri konpartitua da argazkilaritzarekiko grina eta naturarekiko errespetua, “erakusketa zaindu eta eder” honetan islatuko den bezala.

Erakusketa irailaren 6ra arte bisitatu ahal izango da asteartetik igandera, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

 

Zabaldu: