Bederatzi film luze eta 2024ko Kimuak bildumako zazpi film labur. bi film luze, gainera sail lehiakorrean arituko dira: Marco eta Azken Erromantikoak.
Nantesko zinemaldiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetakoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.
Guztira, 17 ekoizpen izango dira aurtengo edizioan, martxoaren 21etik 19ra bitartean, ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenak: bederatzi film luze eta 2024ko Kimuak bildumako zazpi film labur.
Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak presentzia nabarmena izango du FCENen 34. edizioan; izan ere, bi film luze sail lehiakorrean arituko dira eta, horrez gain, euskal zinemak beste sail batzuk zipriztinduko ditu. Sail ofizialean, lehiatuko dira Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Azken Erromantikoak (David Perez Sañudo).
Dokumental onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, beste bi euskal ekoizpen aurki daitezke: Los Williams (Raul de la Fuente) eta Chaplin, espíritu gitano (Carmen Chaplin).
Euskal ikus-entzunezkoek izango duten presentzia nabarmenaren erakusgarri, aurten, FCENek Frantzian orain arte ikusi gabeko serieen atalean, Alauda Ruiz de Azuaren Querer proiektatuko du. Gainera, euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat gonbidatu gerturatuko dira Nantesera egunotan, hala nola, David Perez Sañudo, Jon Garaño, Clara Bilbao, Pello Gutierrez edota Montxo Armendariz.
Basque. Zinema liburuaren aurkezpena
Etxepare Euskal Institutuak bultzatu eta argitaratu duen liburu-bilduma da Basque; hamabi kultur-adierazpideren ardatzean osatutako hamabina ale. Bildumak euskara, euskal kultura eta sorkuntzaren berri ematea du xede, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago eskuragai etxepare.eus webgunean. FCENen testuinguruan aurkeztuko den Basque. Zinema lehen aldiz 2012an argitaratu zen liburuaren eguneratzea da. Orduan bezala, orain ere, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak burutu du liburuaren berridazketan azken urteetako gertakari eta ekoizpen nabarmenei erreparatuz. Martxoaren 22an, arratsaldez, Nantesen egingo den Rencontre Cinéma Basque mahainguruan aurkeztuko dute liburua.