(argazkia: Udalbiltza)

Euskal Herriko 39 udalerriren gaur egungo historia, arte bilakatuta

Geuretik Sortuak proiektuaren lehen ediziotik bost antzerki obra, Hamazazpigarrenean aidanez literatura bilduma eta bost film laburrez osatutako Bost teilatu pelikula atera dira. Zirkuitu nazionala antolatu dute horiek aurkezteko.

Uztaritzeko Lapurdi zentroan 40 pertsona inguru bildu dira Udalbiltzak prentsaurrean antolatutako ekitaldi berri batean. Hirugarrena da Geuretik Sortuak proiektua aurkeztu zutenetik eta bertan ekimenaren lehen edizioak emandako fruituak aurkeztu dituzte.

Iban Garro poetaren eta Olatz Rojo musikariaren eskutik eman zaio hasiera ekitaldiari. Proiektuan hautatua izan den idazleetako bat da Garro lesakarra, eta poesia lana garatu du Urepelen, gaurkoan musikaz lagunduta aurkeztu duena. Uztaritzeko kultur axuanta Christian Ibarbourek sarrera-hitz batzuk esan ostean, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik esaldi motz batez deskribatu du proiektuak izan duen bilakaera: “Benetan, ez da erraza denon artean egin duguna”. Lehen hitzak baliatu ditu proiektuaren lehen edizio honetan parte hartu duten 39 euskal udalerriei eskerrak emateko; baita bidean zehar laguntza ekonomiko zein bestelakoa eskaini duten eragileei ere.

Ondoren, Lide Hernando Udalbiltzako kultur teknikariak proiektuak iazko urtarriletik izandako bilakaera azaldu du. “Artistentzako beka deialdia atera genuen. Bertan izena eman zuten 73 artisten artetik, azkenean, 26 izen izan ziren hautatuak: bost zinegile, bost antzerki konpainia eta 16 idazle. Horietako bakoitza, proiektu hau babesten zuten udalerrietako bati esleitu zion epaimahai batek. Artista horiek egonaldiak egin dituzte herri horietan, 2021eko maiatzetik hasi eta abendura bitarte: hiru astez bertan izan dira, herriaren historia jasotzen, bertakoekin hitz egiten, ingurumarietan ibiltzen”.

Lehen edizio honen emaitza

Literaturan, proiektuan hautatuak izan ziren 16 idazleek egokitutako herrian bere pieza idatzi ostean, Dijitalidadeako editoreen laguntzaz Hamazazpigarrenean aidanez izeneko bilduman argitaratu dituzte lanak. Bi tomotan doa bilduma, eta azala Garbiñe Ubedak diseinatu du. Anjel Lertxundiren obratik eratorritako izenburua, “hamasei lanek hamazazpigarren bat osatzen dutelako” jarri diote editoreek, euren hitzetan.

Hernandok azaldu duenez, “euren luma eta teklatuetatik ateratako istorioak ere, eurak bezala, askotarikoak izan dira, ez soilik mamian, baita formatuan ere: narrazioa, komikia, ipuin ilustratua eta poesia topa ditzakegu bertan”. Egun, liburuaren aurkezpen-zirkuitua egiten ari dira ekimenean parte hartu duten herri guztietan barrena; eta bertan, baita hainbat liburu-dendetan ere egongo da bilduma eskuragarri.

Izen ezagun zein hasiberriak biltzen ditu bilduma honek: Garazi Albizua, Edorta Jimenez, Maitane Perez, Maialen Akizu, Peru Calabaza, Bertol Arrieta, Danel Lauzirika, Fito Rodriguez, Iban Garro, Iñaki Martiarena “Mattin”, Itxaro Borda, Nahia Zubeldia, Nefer Olaizola, Sarai Robles, Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta.

Antzerkian, berriz, bost obra garatu dira Geuretik Sortuak ekimenari esker. Oier Zuñiga iruindarrak Eresia lana ondu du Bergaran, Elgetan eta Antzuolan, ama galtzearen dolua ardatz; Lore More konpainia nafarrak Trapu Zikinak izeneko antzezlana mamitu du Oiartzunen, antzinako herri-garbilekuetan lanean aritzen ziren emakumeen omenez; Bonbon Beltz konpainia zuberotarrak Euskal Herriko herrien eta harrien minaz hausnartu du Harri Minak lanean, Oñatin; Metrokoadrokak herriz herriko kultura ikusezinaren erradiografia egingo du Bidaide lanarekin, Atarrabian eta Uharten sortu ostean; eta Tanttaka Teatroak sexuaren eta ezgaitasunaren tabu bikoitza apurtzeko asmoa du bere Sexberdinak obrarekin, Arrigorriagan sortua.

Urtarriletik martxan da antzerki obren zirkuitua; konpainia bakoitzak 27 emanaldi inguru egingo ditu Euskal Herrian zehar. Udalbiltzak agenda atala sortu du bere webgunean eta hilez hil berritzen joango da.

Amaitzeko, zinegintzan, 2021eko abenduan amaitu zituzten bost zinegileek euren film laburrak, eta Adabaki ekoizpenak film luze bat garatzen ari dira, azken hau Bost teilatu izenekoa.

Filma osatzen duten labur hauek ere Euskal Herriko bazter ezberdinetan egin dira: Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Tafallan errodatu dute Krak; Josu Martinezek Baigorrin garatu du Hitzak laburra; Eñaut Castagnet Bera eta Lesakan izan da Muga grabatzen; Leire Egañak Galdakaon egin du Erlojupekoa; eta Raul Barrerasen Arnasa izeneko film laburrak Hernani izan du agertokia.

Geuretik Sortuak ekimenak emandako beste alorretako emaitzekin batera, Bost Teilatu filma ere proiektua sustatu duten herrietan egongo da ikusgai, apirila eta iraila bitartean egingo den zirkuitu batean.

Ekitaldia ixteko, agur-hitz batzuk eskaini ditu Asurmendik. “Proiektu honetan bakarrik bagaude, ez da gure ateak itxita egon direlako; are gehiago, hainbat aldiz jo ditugu Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hiri Elkargoaren ateak, zuekin eta gurekin batera proiektu honen parte izan zitezen”, azaldu du. “Baina zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzaren kasuan aurpegian itxi ziguten atea. Egiari zor, Nafarroako Gobernuaren eta Hiri Elkargoaren ateak bai ireki zizkiguten eta, harremanak estuagoak izan badira ere, eta proiektua oso ondo baloratu badute ere, azken momentuan, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, irekita zeuden ate horiek ixtea ere erabaki dute”.

Zabaldu: