Euskal Herriko ardo ekologiko eta naturalen lehen azoka izango da igandean eta astelehenean

Ia ehun ardo dastatzeko aukera egongo da Donostiako Tabakalerako Taba espazio gastronomikoan.

Bihar, martxoak 20, eta 21ean Euskal Herriko ardo ekologiko eta naturalen lehen azoka antolatu du Biba Ardoak kooperatibak Donostian. “Euskal Herri osoko hamabost etxaldeetako mahastizainak zuekin elkartzeko prest daude”, adierazi dute antolatzaileek. Hala, ia ehun ardo dastatzeko aukera egongo da Tabakalerako Taba espazio gastronomikoan.

Badira hiru urte Euskal Herriko hamaika mahastizain-ardogile ekologiko elkartu zirela euren ardoak elkarrekin merkaturatzeko eta banatzeko, “profesional eta herritar aitzindari eta kontzientziadunei kalitatekoa, bertakoa, ekologikoa eta sozialagoa den alternatiba bat eskaintzeko Biba Ardoak kooperatiba sortu nahi izan genuen”.

Ibilbide honetan, ostalari, dendari, elkarte eta herritarrekin egindako bidea ospatu nahi dutela diote orain eta aldi berean ardo kultura berria, bizia, osasuntsua eta herritarra hedatzen jarraitzeko sarea zabaltzen jarraitu nahi dutela nabarmendu dute. Bide horretan mugarria izango da Biba Azoka.

Azoka goizeko 11.00etik arratsaldeko 19.00etara izango da martxoaren 20an, igandea, eta 21ean, astelehena. Bi egunetarako sarrera, kopa bat opari, 10 eurotan izango da (bertan bakarrik egongo da salgai).

Igandean, arratsaldeko 20.00etan, Mahastizainen afaria izango da. “Sukaldari engaiatuen eskutik bertako ekoizleen produktuekin prestatutako afaria, mahastizainen arnoez lagunduta”. Txartelak 35 eurotan jarri dituzte salgai.

Horretaz gain, igandean 17.00etatik 23.00etara DIA! Radio DJ Seta izango da eta Tabakalera bisitatzeko aukera ere egongo da bi egun horietan, Emma Kunz naturopata eta artistaren erakusketarekin.

Zabaldu: