Haurtxo-taldea. Zeanuri (B), 1920. Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa: Felipe Manterola Funtsa.

‘Euskal Herriko Atlas Etnografikoa’ formatu digitalean aurkeztu dute

Euskal kultura eta bizimoduari buruzko ikerketa da Atlas hau. Hainbat gai biltzen ditu zortzi liburutan, eta orain eduki osoa webgune bakar batera ekarri da.

Labayru Fundazioak Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osotzen duten zortzi liburukiak digitalizatu ditu, eta hemendik aurrera denon eskura egongo dira atlasetnografico.labayru.eus webgunean. “Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskal kultura eta bizimoduari buruzko ikerketa da. Hainbat gai biltzen ditu zortzi liburutan, eta orain eduki osoa webgune bakar batera ekarri da”, azaldu dute Labayru Fundazioko kideek.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa Jose Miguel Barandiaranek garatutako ikerketa etnografikoko proiektu bat da; euskal herriaren kultura tradizionalaren eta haren bilakaeraren ikerketa du xede.

1962an euskal atlas kultural bat egin beharra planteatu zen. Gerraosteak geldiarazi egin zituen 30.eko hamarkadan hasitako gizarte aldaketak, baina 60. hamarkadaren hasieran eraldaketa orokor bat nabari zen bizitzaren arlo guztietan.

1965ean Etnologiako Europako Nazioarteko Konferentziak, Stockholmen egina, Europa osoan gertatzen ari ziren aldaketak kontuan hartuta, atlas etnografikoak egin behar zirela aldarrikatu zuen, giza taldeen eta gizarte tradizionalen ezaugarri kulturalak jasoko zituzten landa-laneko inkesten bitartez.

1968an, Zaragozan egindako kongresu batean, Barandiaranek izenburutzat Bosquejo de un atlas etnográfico del pueblo vasco zeukan komunikazioa aurkeztu zuen (Euskal herriaren atlas etnografiko baten zirriborroa).

Hainbat hamarkadatan argitalpen etnografikoetan eta aurretik taldean egindako hiru ikerlanetan pilatutako eskarmentuarekin, Etniker Taldeek Ataunen 1987an egindako XII. Bilera Nagusian Atlas Etnografikoa egiten hastea proposatu zen. Horretarako, Eskualdearteko Zuzendaritza Batzorde bat sortu zen, lurralde-talde bakoitzeko arduradunek osatua, ikerketa eta idazketa antolatzeko. Lurralde-taldeak, halaber, entitate handiagoko egitura baten barruan konfederatu ziren, Etniker Euskalarria izenekoa.

Denetara zortzi liburuki argitaratu dira orain arte: Etxeko elikadura (1990), Haur jolasak (1993), Hileta errituak (1995), Jaiotzatik ezkontzara arteko errituak (1998), Abeltzaintza eta artzaintza (2000), Herri medikuntza (2004), Etxea eta familia (2011) eta Nekazaritza (2017).

Zabaldu: