Gabriel Villota, Libe Belandia, Arturo/fito Rodriguez, Pablo Maravi, Arantza Lauzirika eta Leire Saenz (argazkia: EHU)

Euskal Herriko bideo-esperimental artxiborik handiena aurkeztu du EHUko Akmeka ikertaldeak

Orain arteko 732 ikus-entzunezko pieza biltzen ditu proiektuak. Horien artean daude Bego Vicario, Juan Carlos Eguillor, Jose Ramon Saenz eta Beatriz Silvarenak.

EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak bideo-sorkuntzako artxiboa berreskuratzeko proiektua aurkeztu du. Aipatutako artxiboak Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko artisten 732 pieza biltzen ditu, formatu analogikoan. Hala, “ezaugarri horiek dituen Euskal Herriko artxiborik garrantzitsuena” dela diote Akmekako kideek. 70eko, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetako lanak biltzen ditu.

Orain arte Euskal Herriko 65 egile eta kolektiboren lan artistikoak inbentariatzea lortu da. Bego Vicario, Juan Carlos Eguillor, Jose Ramon Saenz Morquillas, Txupi Sanz, Isabel Herguera, Ramon de Vargas, Estibaliz Sadaba, Beatriz Silva eta Josu Rekalderen lanak dira horietako batzuk.

“Bideoak ikus-entzunezko piezak egiteko aukera gizarteratu zuen aldi horretan, Euskal Herria eremu bereziki emankorra bilakatu zen, Arte Ederren Fakultateko ikus-entzunezkoen espezialitateari, Artelekuk material horiekin lan egiteko ematen zituen erraztasunei edo Gasteizko Irudiaren eta Teknologia Berrien Zentroari esker. Ondorioz, ikus-entzunezkoen sortzaileen hainbat belaunaldi sortu ziren, eta pieza esperimentalen, animazioen, bideoklipen eta abarren ekoizpen zabala”, azaldu du Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko irakasle eta Akmeka ikertaldeko zuzendariak.

“Dagoeneko artearen historiaren parte diren piezak jasotzen ditu bildumak, eta teknologia praktika artistikoan txertatu zen garai baten lekukoak dira”, adierazi du Lauzirikak. Arteleku ekoizpen artistikoko zentroko bideoteka desagertu zenetik, hau da ezaugarri horiek dituen EAEko artxibo bakarra. Euskal Herrian “bideoak praktika artistiko garaikideen garapenean garrantzi handia” izan bazuen ere, orain arte, ekoizpen horien zati handi bat “ahaztuta egon da, eta galtzeko arrisku handian”, gaineratu du irakasleak.

Tesi baten luzapena

Ikus-entzunezkoen euskal ondareari buruzko VideoFlux izeneko proiektu honek, 1970. eta 2005. urteen arteko aldia hartzen du barne, eta hainbat eragileren laguntza du, hala nola Euskadiko Filmategiarena, Elias Querejeta Zinema Eskolarena edota Audiovideorestauración enpresa galiziarrarena. Pablo Maravi Martinezen Pérdidas de generación: de la historización del videoarte en el Estado español a la arqueología videográfica en Euskal Herria doktorego tesiaren luzapen gisa jaio zen proiektua. Artxibo honen egileen artean daude EHUko ikertzaile hauek daude: Pablo Maravi Martinez, Libe Belandia Juaristi, Gabriel Villota Toyos, Fito Rodriguez Bornaetxea, Arantza Lauzirika Morea eta Natxo Rodriguez Arkaute.

“Biltegiratzeko gailu elektromagnetikoen hauskortasunak eta izaera efimeroak (inoiz ez dira egon pentsatuta informazioa epe luzean gordetzeko) eta erakundeek material horiek kontserbatzearekin lotutako arazoaren aurrean izandako interes faltak arrisku larrian jarri dute Euskal Herriko memoria artistiko-historikoaren zati bat”, adierazi du Maravik.

Artxibo hau Bizkaiko Campuseko Maria Goiri eraikinean dago (Leioa, Sarriena auzoa z/g). Arte Ederren Fakultateko funts historikoak, Bosgarren Kolektiboaren artxiboa (Tolosako Bideoaldiaren lau edizioak antolatu zituen taldea) eta ikus-entzunezko material berriaren ekarpen puntualak biltzen ditu.

Zabaldu: