Euskal Herriko ibaiak eta mendiak modu ludiko batean ikasteko karta-jokoa plazaratzeko diru bilketa kanpaina abiatu dute

Euskal Herria bere osotasunean hartzen du jokoak.

Euskal Herriko mendiak eta Euskal Herriko ibaiak bi karta-joko sorta dira. Bakoitza, 40 kartaz osatua dago eta bi jolas desberdinetara jolas daiteke beraiekin, kateto jokora eta familien jokora. Familian zein lagunartean jolasteko asmoarekin diseinatu ditu Asier Urrutikoetxeak, eta, bide batez, “modu ludiko batean, zeharka eta nahi gabe, gure herriko mendi eta ibai esanguratsuenei buruzko informazioa ezagutu eta ikasi egin daiteke”, adierazi du sortzaileak. Bost azpitalde nagusitan banatu ditu (Araba, Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria) eta lurralde bakoitzetik zortzi ibai eta mendi garrantzitsu agertzen dira.

Urrutikoetxeak azaldu duenez, “jokoak, batez ere, Euskal Herriko eskola eta ikastoletan gure seme-alabek geure lurraldea bere osotasunean ikusi eta berau barnera dezaten prestatuta daude, gaur egungo liburu editorial atzerritarrek erakutsi nahi digutenari aurre egin nahian. Liburu askotan ageri da, adibidez, Euskal Autonomi Erkidegoko mendirik altuena Aitxuri, Aketegi edo Aizkorri direla, nik ordea, ezagutzera eman nahi dut Euskal Herriko mendirik altuena Hiru Erregeen Mahaia dela, Euskararen Herria bere osotasunean harturik”.

Kartak kalitatezkoak izango direla nabarmendu du Urrutikoetxeak, “nukleo opaku eta UV bernizdun 305 gramotako naipe bereziak. Estaltzeko kartoizko kutxa pertsonalizatua izango dutelarik”.

Kartak inprimatu ahal izateko, Urrutikoetxeak diru bilketa kanpaina abiatu du itsulapikoa.eus plataformaren bidez. Bertan, kartak aldez aurretik erosi ahal izango dira eta behin inprimatuta, eroslearen etxera bidaliko dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna