Azaroaren 14an Abadiñon egitea zen asmoa, baina egoera aintzat hartuta, bertan behera uztea erabaki du Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.
Eskolartekoek lurraldeetan bere bidea egin artean, egoeraren bilakaera adi jarraitu dute Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak, Euskal Herriko Eskolartekoa gauzatu ote zitekeen erabakitzeko. Txapelketa azaroaren 14an Abadiñon egitea zen asmoa, Saran hirurtekoa egin eta gero. “Pandemia egoerak, ordea, ez du ekitaldia gauzatzeko aukerarik eman, eta aurten Euskal Herriko Eskolarteko azken saiorik ez egitea erabaki dugu”, adierazi dute.
Antolatzaileek argitu dutenez, azken saioa da egingo ez dena, gainerakoan, lurraldeetako Eskolartekoak egin ahal izan baitira: “ez dira ohiko moduan egin, noski, baina bai neurriak hartuta”, azaldu dute.
Gipuzkoako Eskolartekoari bi saio falta zitzaizkiola eten zen bat-batean Eskolartekoa. Urriaren 2an ekin zioten berriro eta Gipuzkoako saio horietako bat egin zuten, hil horren 16an, berriz, finala egin zuten Azkoitian: Aner Peritzek irabazi zuen eta Naia Arrizabalagak ere lortu zuen Euskal Herriko finala izango zenerako sailkapena.
Urrian egin ziren, hain justu, lurralde gehienetan eskolarteko saioak. Arabakoa hilaren hasieran egin zen, Murgian: Aitor Ugarte eta Eukene De Los Aires izan ziren txapeldun eta txapeldunorde. Bizkaiko Eskolarteko finala hilaren 17an egin zen Arrigorriagan, aurretik hiru kanporaketa saio eginda: Irune Basagoitik eta Leire Vargasek eskuratu zuten finalerako txartela. Nafarroak pasa den ostiralean egin zuen bere Eskolarteko saioa: Ekhiñe Zapiainek eta Bittori Elizaldek eskuratu zituzten lehen bi postuak.
Uztailean, berriz, Bertsularien Lagunak elkarteak elkartzen dituen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako txapelketa egin zen: Haira Aizpuruak jantzi zuen txapela eta Irantzu Idoate izan zen txapeldunorde.