Aissa Intxausti eta Aner Peritz bertsolariek idatzi dute letra eta Olatz Salvador eta Iholdi Beristain musikariek jarri diote ahotsa. Urriaren 31tik azaroaren 2ra izango da Baterajotzea Zaldibarren.
Euskal Herriko Gazte Feministek udazkenean Zaldibarren egingo duten Baterajotzearen kantua plazaratu dute Su hau dena izenpean. Abestiaren bidez menderatuen aurkako gerrak azaleratu nahi izan dituzte, eta lubaki feministak sortu, defendatu eta zabaltzearen aldeko aldarriak egin. “Pobrezia, krudeltasun eta odolusteen garaian, antolakuntzari eta konbikzioari egindako kantua” dela adierazi dute.
Aissa Intxausti eta Aner Peritz bertsolariek idatzi dute letra eta Olatz Salvador eta Iholdi Beristain abeslariek jarri diote ahotsa. Abestiaren ekoizpena ere Olatz Salvadorrek egin du Jagoba Salvadorrekin batera eta Haritz Harreguy arduratu da grabaketaz eta nahasketez, masterizazioaz, berriz, Jon Badiola.
Abestiarekin batera bideoklipa ere sortu dute Begiristainen zuzendaritzapean. Honetan, Salvador, Begiristain, Peritz eta Intxausti ageri dira. Bideoklipa Portugaleteko Sastraka gaztetxean grabatuta dago eta pasa den larunbatean aurkeztu zuten Zaldibarren.
Baterajotzea
Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitartean izango da Baterajotzea Zaldibarren. Antolatzaileen esanetan, aurtengo Baterajotzeak izan behar duen funtzio nagusia elkargune izatea da, “horrek balioko du elkarrekin hausnartzeko, aliantzak eraikitzeko, borrokatzeko…” . Defendatzeko espazio kolektibo bat sortzea izango da aurtengo edizioaren helburu nagusia.