(argazkia: BBK aretoa)

Euskal Herriko Gazte Orkestrak perkusio-kontzertua eskainiko du otsailaren 14ean, Bilboko BBK aretoan

Bidaia musikala EGOren perkusio sailaren eskutik izenburupean, kontzertu honek perkusio instrumentuen aberastasuna eta moldakortasuna ezagutzeko aukera eskainiko du.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) perkusio-kontzertua eskainiko du otsailaren 14ean, ostiralean, 19:30ean, Bilboko BBK aretoan. Publiko guztiari zuzendutako jarduera izango da, eta EGOko perkusio atala izango da kontzertuaren muina. Bidaia musikala EGOren perkusio sailaren eskutik izenburupean, kontzertu honek hainbat estilo eta kulturatan zehar soinu-ibilbidea egiteko aukera emateaz gain, orkestra sinfoniko baten perkusio instrumentuen aberastasuna eta moldakortasuna ezagutzeko aukera ere eskainiko du.

Musikaz gozatzeaz gain, publikoak hurbilagotik ezagutu ahal izango ditu, besteak beste, danborra, marinba edo tinbalak, eta horri esker, instrumentu bakoitzak orkestra baten soinu-unibertsoari egiten dion ekarpena nolakoa den ulertu ahal izango du. “Proposamen hau oso entretenigarria izatea espero dugu; erritmo, kolore eta soinu biziz betetako mundu batean murgildu nahi duten guztiontzat aproposa”, azaldu du antolakuntzak. Sarrera doan izango da edukiera bete arte.

1997an sortu zen Euskal Herriko Gazte Orkestra musikari gazteei zuzendutako proiektua da. Musikari gazteen prestakuntza tresna bihurtzea da proiektuaren helburu nagusia, jomuga zehatza duten hainbat ekimenen bidez. Ekimen horietatik ondokoak nabarmendu ditzakegu: orkestra prestakuntza egokia eskaintzea, garapen artistikoa eta giza garapena sustatuko dituen egitura bilakatzea eta ekosistema musikalaren behar berriei erantzungo dien plataforma izatea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna