Euskal Herriko I. Hika Topaketa, iaz, Oñatin (argazkia: UEU)

Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Abenduaren 7an izango da, 16:00etatik 17:45era, Landako ikastetxean.

Durangoko Azoka euskaltzaleen bilgunea izaten da urtero eta aurten hikalarien bilgune izatea ere nahi dute. Hala, ZirHika taldeak Hikadromoa antolatu du, 59.edizioko nobedadeetako bat izango da. “Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du”. Antolatzaileen esanetan, helburua hika hitz egitea eta ondo pasatzea izango da”.

Hikadromoa Donostiako Bagera euskara elkarteak gidatuko du. Bertako kideek azaldu dutenez, “laukoteak osatuta jardungo dute hika, 15 minutuero taldez eta gaiz aldatuz”.

Izena emateko on-line formularioa prestatu dute. Telefonoz ere eman daiteke izena: 943121775 / 652750947.

ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Iaz egin zen Euskal Herriko I. Hika Topaketaren ondoren sortu da, elkar ezagutu, indarrak batu eta hitanoa bultzatzeko. Hikadromoa izan da antolatu duen lehen jarduera eta, horretarako, hainbat bidelagun izan ditu: Bagera, Praktikatu AEK eta Gerediaga, besteak beste.

Hitanoarekin lotutako beste jarduera batzuk ere izango dira Azokan. Abenduaren 6an esaterako, hitzaldia izango da areto nagusian. Lehenengo, Badiharduguk hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditu. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa izango du hizpide: grabazioak sarean nola kontsultatu.

Abenduaren 7an, berriz, Hik eta biok mahai-ingurua antolatu dute, goizeko 11:30ean, Durangoko museoan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna