Egitaraua zortzi hitzaldiz eta erakusketa kolektibo batez osatuta egongo da. Topaketaren bidez, euskal argazkigintza garaikidea sustatu eta balioetsi nahi du antolakuntzak.
Argazkilaritzaren aldeko apustua egiteko eta tokiko talentuari balioa emateko asmoz, Aretxabaletako udalak Argazkia.eus Euskal Herriko argazki topaketaren bigarren edizioa antolatu du maiatzaren 10ean, Arkupe kultur etxean.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, 500 euroko zortzi sari banatuko dira hautatuak izan diren Aretxabaleta, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako argazkilarien artean. Saria jasotzeaz gain, irabazleek euren lanak jendaurrean erakusteko aukera izango dute.
Topaketan parte hartu ahal izateko, interesdunek karpeta bat aurkeztu beharko dute martxoaren 30a baino lehen, honako hauek jasotzen dituena: argazki-proiektuari buruzko argibideak ematen dituen PDF bat, curriculum artistikoaren PDFa, NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edota bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan).
Konprimatu ondoren, karpeta hori Wetransfer bidez bidali beharko da argazkia.eus@gmail.com helbidera.
Euskal Herriko bigarren argazki-topaketaren irabazleen izenak 2025ko apirilaren 7an, astelehena, emango dira ezagutzera.
Nabarmendu dutenez, “beren proposamena bidaltzearekin, parte-hartzaileek konpromisoa hartuko dute maiatzaren 10ean egingo den topaketara bertaratu eta beren obra hitzaldi batean aurkezteko, eta baita erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere; betiere beren lana hautatuetako bat izan bada”.