Euskal Herriko Ikastolen 1. Komiki Lehiaketa abian

Komiki lehiaketaren lehen edizio honetako gaia Amaiurko gazteluaren setioa izango da. Apirilaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.

Euskal Herriko historiaren garai zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin ekin diote ikastolen jaiek Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketari. 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta apirilaren 30era arteko epea izango dute testuak aurkezteko; lanak bakarka edo taldeko egin daitezke.

Komiki lehiaketaren lehen edizio honetako gaia Amaiurko gazteluaren setioa izango da. Amaiurko gazteluaren setioa 1522ko uztailaren 15etik 19ra egin zuten Gaztela eta Aragoiko armadek. Setioa nabarmena izan zen, bertan bukatu zelako Nafarroako Henrike II.aren aldekoek egindako hirugarren saiakera, Erresuma berreskuratzeko 1512ko konkista eta gero”, azaldu dute.

Lehiaketa irekia izango da adin tarte horretako gazte guztientzat. Antolatzaileen arabera, ez da derrigorrezkoa izango ikastola bateko ikasle izatea, eta teknika ere librea izango da, lanak PDF formatuan aurkeztu beharko diren arren. Testuak euskaraz idatzita egon beharko dira eta bost orrialdetako luzera izan beharko dute gehienez, komikiaren azala barne. Jasotako komiki lan guztien artetik onena aukeratuko du epaimahaiak, eta sari gisa Xabiroi komiki aldizkariaren 2021ko urriko zenbakian argitaratua izango da lan irabazlea.

Hala ere, Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, “lehiaketa baino, parte-hartzea sustatu nahi da”. Horregatik, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dira: hiru tablet, Xabiroi aldizkariaren urteko hamar harpidetza eta Xabiroi bildumak (hiru bildumako bost sorta).

Oinarriak, hemen.

Zabaldu: