(argazkia: Gure Zinema)

Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak biltzen dituen plataforma aurkeztu dute

Gure Zinema plataforma berriak Euskal Herrian sortu eta garatutako ikus-entzunezkoen kate osoa indartzea eta ikusleak zinema-aretoetara erakartzea ekoizpen hauetaz gozatzera ditu helburu, besteak beste.

Donostiako Zinemaldiaren baitan egin dute Gure Zinema, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak biltzen dituen plataformaren aurkezpena. Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek azaldu dituzte ekimen honen helburuak: besteak beste, “Euskal Herrian sortu eta garatutako ikus-entzunezkoen kate osoa indartzea eta ikusleak zinema-aretoetara erakartzea ekoizpen hauetaz gozatzera”.

Aurkezpenean adierazi dutenez, “sektoreko eragileak hilabetez elkarlanean aritzeari esker sortutako aliantza honek gure zinea indartu nahi du, eta ikusleei abantailak eskaini gure lanez pantaila handian gozatzeko aukera are gehiago izan ditzaten”.

Hala, sektore osoa bateratzeko bokazioarekin jaio da plataforma berria. “Ekoiztetxeak, zuzendariak, gidoilariak, aktoreak eta filmen garapenean esku hartzen duten profesional guztiak, baita zinemak ere, lan horien erakusleiho bikainena baitira”, azpimarratu dute.

Euskal Herriko ekoiztetxeak ordezkatzen dituzten hiru elkarteak, (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB eta euskal zinemaren familia osatzen duten gainerako kideak dira Gure Zinema ekimenaren parte, jaialdiak, kultur erakundeak eta elkarteak barne; esate baterako, aktoreen eta gidoilarien elkarteak. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila da babeslea.

Datozen hilabeteetan hainbat ekimen jarriko dira abian ikusleek egitasmo honekin bat egin dezaten: zozketak, promozioak, aurrestreinaldiak eta VIP esperientziak.

Zabaldu: