(argazkia: Anne Kuhn)

‘Euskal Herriko talentuak’ izeneko argazki erakusketa paratuko dute Baionan

Kepa Etchandy, Anne Kuhn eta Abel Bourgeois argazkilarien lanak Baionako DI DAM aretoan egongo dira ikusgai uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean.

Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten hiru argazkilariren lanak ikusteko parada egongo da datorren uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean, Baionako DI DAM aretoan. Kepa Etchandy, Anne Kuhn eta Abel Bourgeois argazkilarien teknikak eta edukiak zeharo desberdinak eta osagarriak badira ere, haien irudiek bidaia berezia proposatzen dute askatasunezko eta irudimenezko geografiarantz.

Kepa Etchandy argazkilari baionarra bere jaioterrira erabat lotua dago. Euskal Herriko estereotipoetatik ihes egiten saiatzen da eta gustuko dituen tokiei buruzko argazkiak egiten ditu. Baionako aretoan ikusgai jarriko dituen argazkiak berriak dira eta azaroan liburu-proiektu bat aurkezteko asmoa du Kilika argitaletxearekin elkarlanean.

Abel Bourgeois artista baigorriarra autodidakta da, eta argazki-teknika zaharrenak baliatzen ditu. Aragoiko paisaiak aztertzea gustuko du eta Guarako mendilerroan ateratakoak dira, hain zuzen, Baionako erakusketan aurkeztuko dituenak. Irudi hauek aurretik Hendaiako L’Angle Galerian egon dira ikusgai, baina Euskal Herriko talentuak erakusketarako argazki berri gehiago gehituko dituela iragarri du.

Amaitzeko, Anne Kuhn argazkilaria dugu. Emazteei ateratzen die argazkiak Kuhnek, “argazkiak ateratzean, bere askatasunaz eta nireaz galdetzen diot neure buruari. Literaturako heroien, nire oroitzapenen edo erretratu soilen bidez, nahi dudana eszenaratzen dut, eta ispilu introspektibo bat igortzen diot ikusleari”. Artistak argazkilaritza aukeratu zuen giza-egoera eta, bereziki, emazteen egoera zalantzan jartzeko, bere ispilu historikotik gaur egungo tratamendura arte. Argazkiak testuekin nahasten ditu Kuhnek, hausnartzeko beta eskainiz.

Zabaldu: