Ximon Goikoetxea omentzeko baliatuko dute 38. edizioa.
Hernaniko Musika Eskolako txalapartariek Hernaniko 38. Txalaparta Festa antolatu dute maiatzaren 23 eta 24rako. “Ostiralean kontzertua izango da Biteri kultur Etxean eta larunbatean, hilak 24, Iparragirre sagardotegia bihurtuko da festaren erdigunea”, zehaztu dute antolatzaileek.
Ostiralean, areto barruan, Artze izenburua duen emanaldia eskainiko dute Hutsun eta JEL Triok (19:30ean, dohainik).
Larunbateko jaialdi nagusian, berriz, txalapartari ugariren emanaldiak izango dira: Zuaznarbartarrak eta Goikoetxeatarrak; Esku-Txa; Malkoak TX; Talka; Kolpez kolpe eta Ttakun Ttan Ttakun. Emanaldiak 12:00etan hasiko dira, Iparragirre sagardotegiko ganbaran (sarrera dohainik).
Emanaldiaren ostean bazkaria ere izango da eta horretarako, hilaren 19a baino lehen erreserbatu beharko da tokia aitorbeltran@yahoo.es-era helbidera idatzita. Hauxe da menua: mokaua, tortilla, txekor saiheskia, Idiazabal gazta, sagar gozokia, intxaurrak eta sagardoa txotxetik.
Ximon Goikoetxearen omenez
Aurtengoan, Ximon Goikoetxea omentzeko baliatuko da Txalaparta Eguna. Haren omenezko bideo-proiekzioa emango dute ekitaldi nagusian.
Iazko ekainean hil zen Erbetegi-Etxeberri baserrian jaiotako donostiarra. Aitor Beltran antolatzaileak dionez, “Hernaniko txalaparta festa guztietan izan ditugu partaide Goikoetxeatarrak”.
Txalaparta tradizio handiko familia izan da Goikoetxeatarrena. Ximon Goikoetxeak berak aitarekin eta osabarekin ikasi zuen txalaparta jotzen eta berak ere transmititu zion jakintza Haritz semeari. “Azken urteotan, Haritzek tradizioari heldu eta seme-alabekin ari da jotzen”.