Euskal leihoaren 25. urteurrenaren karietara, ekitaldi berezia egingo dute Elai Alai zinta klasikoaren emanaldi musikatuarekin eta Karmele filmaren aurkezpenarekin.
Nantesko Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 25 edizio beteko ditu aurten. ‘Ça colle au basque’ egitasmopean Etxepare Euskal Institutuak Euskadiko Filmategiaren elkarlanean sustatzen duen sail hau Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio sendoenetakoa da, eta urtero euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.
Aurtengo edizioaren baitan, guztira, 20 euskal ekoizpen izango dira martxoaren 21etik 29ra egingo, eta euskal zikloaren efemeridea goratzeko, hiriko Graslin operako antzokian euskal zinema-sorkuntzari eskainitako ekitaldi berezia antolatuko dute martxoaren 25ean, 19:00etan. Lehenik, Euskadiko Filmategiak Frantziako Zinematekatik berreskuratutako Nemesio Manuel Sobrevilaren Elai Alai (1938) film dokumentala eskainiko da, Joserra Senperenak lagunduriko zuzeneko piano-emanaldiarekin. Gerraren ondorioz erbesteratutako Gernikako Elai-Alai haur dantza taldeko irudiak eskaintzen ditu zintak, baita Eresoinka abesbatzako kideenak ere.
Filmaren soinurik gabeko zenbait pasarte Joserra Senperenak musikatuko ditu zuzenean, berariaz ondutako konposizioa interpretatuta. Izan ere, Euskadiko Filmategiak 2012an Elai Alairen hainbat atal sonorizatu egin zituen, ordura arte Frantziako Zinematekaren negatiboak ez baitzuen soinurik.
Ondoren, Karmele filma aurkeztuko da, Asier Altuna zuzendariaren eskutik. 2025. urtean estreinatutako zintak Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzako pasarte batzuk pantailaratzen ditu, horiexek ere gerra-testuinguru bertsuan bizitakoak. Filmak Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du ardatz.
Euskal leihoak 25 urte
25. euskal leihoaren programazioan, gainera, beste zazpi film luze eta Kimuak 2025 programako zazpi film labur proiektatuko dira, baita Yakarta seriea ere. Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak FCEN-ren 34. edizioko beste sail batzuk zipriztinduko ditu.
Fenêtre Basque atalean, honako zazpi film luzeak ikusi ahal izango dira: Alberto Gastesi zuzendariaren Singular, zeina etorkizun hurbil batean girotutako zientzia-fikziozko drama den. Nantesko jaialdian izango da Alberto Gastesi zuzendaria. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinitak Gerra Zibilaren ondorengo diktaduraren itzalak zeharkatutako gizon baten istorioa kontatzen du. Azken hilabeteotan pelikula onenaren Goya saria irabazi duen Los domingos, Alauda Ruiz de Azua zuzendariarena, fedea, askatasun pertsonala, familia-itxaropenak eta bizitza-hautuen inguruko tentsioak abiapuntu dituena.
Euskal filmografian aztarna utzi duten zenbait titulu ere proiektatuko dira, hala nola Ehun metro, Alfonso Ungriarena, Hamaseigarrenean aidanez, Anjel Lertxundirena, Zergatik panpox Arantxa Urretabizkaiak idatzi eleberriaren egokitzapena dena, eta, azkenik, euskal gizartearen memoria eta nortasun kolektiboa uztartzen duen Oraingoz izen gabe, Jose Julian Bakedanorena.
Euskal film laburrek ere, bestalde, izango dute tokirik aurtengo Nantesko jaialdiko euskal leihoan. Izan ere, euskal zinema-sorkuntzaren parte den Kimuak programaren 2025. urteko film laburrak proiektatuko dira FCENen: Aitor Abioren Dicen que tu padre, Lara Izagirreren El regalo, Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan, Ainhoa Ordoñezen Habana industrial, Ricardo Del Conderen Las manchas del jaguar, Harrotu Ileak kolektiboa eta Zine-Laben Sueños de viernes, eta Maren Zubeldia eta Silvina Gugliemottiren Ultramarino.
Azkenik, Diego San Jose euskal zinemagileak zuzendutako Yakarta ere eskainiko da Nanteseko zinemaldian, egilea bertan izango delarik.
Lehian dihardutenak
Euskal leihoaz gaindi, Nanteseko zinemaldiak beste sail batzuetan ere kokatu ditu hainbat euskal ekoizpen. Sail ofizialean, esaterako, Maspalomas (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi) eta El mal (Juanma Bajo Ulloa) filmak lehiatuko dira.
Lehen film onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, gainera, beste euskal ekoizpen bat aurki daiteke: Todo lo que no sé (Ana Lambarri). Lehen film luzea du Lambarri zinegileak eta bere istorioak gazte baten helduarorako trantsizioa du ardatz. Pelikularen aurkezpen emanaldian izango da, halaber, Ana Lambarri.