‘Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa’ (EHHE-200) aurkeztu du Euskaltzaindiak

200 hitz-familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin, eta beste horrenbeste mailegatuekin. Momentuz, paperean editatu da; aurrerago izango da euskarri digitalean.

2009ko Barne jardunaldietan hartu zuen Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa abiatzeko erabakia. Horretan aritu da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatutako lantaldea, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean; azken bizpahiru urteotan Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntza ere izan dute.

Hitzen sorrera aztertzen eta azaltzen duen hiztegia da Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa. Honela deskribatzen du Lakarrak: “Hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hots, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan… oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez”. Bere hitzetan, “EHHEra bidean ez da osotasunik bilatzen eta are gutxiago orain amaitzen den lehen garai honetan; ordea, bai itxaroten dugu hiztegi modular handi horren oinarriak ahalik sendoena finkatzea”. EHHE osatzeko jarraitu dituzten irizpideak ere argitu ditu Lakarrak: “Hitzen hedadura geografiko zahar eta berria, lekukotasunen kantitate eta kalitate historikoa, haien antzinatasuna protohistorian eta historiaurrean, oinarrien emankortasun lexiko eta morfologikoa, hitzon inguruan sortutako bibliografiaren kantitatea eta kalitatea… Hori dena izan dugu kontuan”.

Era berean, EHHE-200en ekoizpenean erabaki markagarria izan da hitzak familiaka antolatzea, “etimologia azterketetan, batez ere geruzarik zaharreneta, hitz-familiak baitira ikerketaren unitate eta abiapuntu nagusi”. Horrenbestez, 200 familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin eta beste horrenbeste mailegatuekin. EHHE-200eko hitz-familia bakoitzaren batez besteko sarrera kopurua, beraz, 13koa edo da.

Lakarrak azpimarratu du, baita, garrantzi markagarria duela EHHEn egin den protohistoriaren azterketa aberatsak, Orotariko Euskal Hiztegiko iturri nagusietatik harago: “Asko edo gutxi, ia beti aurreratzen dira lehen lekukotasunak eta ugaltzen hitzen azterketa diakronikorako ezinbesteko diren aldaera ezezagunak eta hedadura dialektalak. Honekin batera, azken urteetan ezagutu diren lekukotasun berriak edo lekukotasun ezagunen inguruko azterketa filologiko eguneratuenak ere baliatu dira emaitza aipagarriekin”.

Halaber, euskaltzainak esan du hiztegi berriak ez duela “anekdota dibertigarrien biltegi izateko bokaziorik”; aitzitik, “hitzen ikerketan inplikaturiko alorretan urrats sendoak emateko lanabesa izatea du helburu”. “Asmo zabalago horren barnean, hurrengo urteotan zabaldu eta gainditu nahi genukeen EHHE-200 hau zati txiki baina garrantzitsua iruditzen zaigu”, gaineratu du ikerlariak.

EHHE euskararen historia aztergai duten ikertzaileentzat idatzia da, batez ere; gainerako filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntza-zaletasuna duten askok aurki lezakete, halere, bere intereseko ezagutzarik alor horretan. “Horregatik beragatik saiatu gara gauzak modurik zehatz eta argienean azaltzen, errazkeriak baztertuaz baina alferreko zailtasunik ere gaiari erantsi gabe”, ohartarazi du Lakarrak.

Zabaldu: