(argazkia: Hondarribiko Udala)

Euskal Jaien 100. urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu dute azaroaren 8tik abenduaren 17ra, Hondarribian

Egitarauaren barruan, ohiko ekimenez gain (bertso-afaria, Euskararen Eguna, Euskal Azoka edo Bordari-Satarka Literatur Lehiaketa), propio sortutako jarduera bereziak ere antolatu dira, hala nola Anton Abadia Zikloa.

Hondarribiko Udalak eta herriko hainbat eragilek dantza, kanta, bertsoa, literatura, erakusketak, bisitak eta mahai-inguruak barne hartzen dituen egitarau zabala prestatu dute. Egitarau zabal honek iragana, oraina eta etorkizuna lotzea du helburu, eta horrela, belaunaldi guztiek parte-hartzea.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “egitarauaren oinarrian euskara dago, Euskal Jaiak eta hizkuntza elkarrekin lotutako bi elementu direlako”. Euskal Jaien sorrera 1851. urtean kokatzen da, Urruñan, Anton Abadiaren ekimenez. Hasieran pilota izan zen festaren ardatz nagusia, eta 1853tik aurrera olerki lehiaketa ospetsua gehitu zitzaion, lore-joko bihurtuz. Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz  1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean, dagoeneko Euskal Jaiak izenpean antolatu ziren. Udalak, 1925. urtea oinarri hartuta, 1975. eta 2000. urteetan ospatu izan ditu Euskal jaiak. “Aurten, 2000. urtean bezala, urtemuga euskararen egunaren bueltan antolatu dugu, udazken amaieraren giroan”.

Azaldu dutenez, “urteurrenek eman ohi duten atzera-begirakoak argi uzten du, nahiz eta formak aldatu, ospakizun hauen funtsa bere horretan mantendu dela: euskara plazara ateratzeko, sortzeko eta erabiltzeko borondatea. Udalak herriko hainbat eragilerekin norabide horretan lanean jarraitzen dugu, hizkuntza gutxitua izanik, euskarak beti behar duelako bere aldeko haizea, jarrera, egoera soziolinguistikoaren inguruko kontzientzia eta, bereziki, hiztunak”.

Testuinguru horretan, eta “izan garena, garena eta izan nahi duguna kontuan hartuta, egitarauak aukera emango du denboran zehar bidaiatzeko eta gaur egungo erronkei heltzeko”. Gogoan izan behar da gaur egun Hondarribian euskararen kale-erabilera %16koa dela; beraz, “urteurren hau aukera egokia da eguneroko lanei bultzada emateko eta herri nortasuna indartzeko”, nabarmendu dute.

Egitaraua

Ohiko ekimenez gain (bertso-afaria, Euskararen Eguna, Euskal Azoka edo Bordari-Satarka Literatur Lehiaketa), propio sortutako jarduera bereziak antolatu dira, hala nola Anton Abadia Zikloa. Honen baitan, azaroaren 28an Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara izeneko antzezlana taularatuko da; azaroaren 29an Abadia gaztelura bisita gidatua egingo da, irteera Sabin Arana kaleko autobus geltokitik eginez; eta abenduaren 13an Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna mahai-ingurua izango da, Koldo Ortega, Harkaitz Cano eta Antxoka Agirreren parte-hartzearekin.

Egitaraua osatzeko, azaroaren 12tik abenduaren 10era Nestor Basterretxearen Basterretxea Hondarribian erakusketa izango da Arma Plazan; azaroaren 8an Amama dantza-ikuskizuna eskainiko da; azaroaren 22an bertso-afaria izango da Itsaslur elkartean; azaroaren 29an Bertso-bazkaria izango da Arkolla auzoan eta egun berean Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa antolatuko da Itsas Etxean.

Abenduaren 3an, berriz, Kriseilua eta herriko ikastetxeen kantaldia izango dira Itxas Etxea Auditoriumean; abenduaren 8an, astelehenez, Karmele filma ikusteko aukera egongo da; abenduaren 13an Euskal Azoka eta Gazte Olinpiaden euskararen proba egingo dira; eta abenduaren 14an Bordari-Satarka lehiaketaren 40. urteurrena eta 2025eko sari banaketa Kultur Etxean egingo dira, baita eguerdiko kantujira eta Itsu Koplak ekitaldia ere.

Egitarauari amaiera emateko asmoz, abenduaren 17an Iñigo Muguruzaren Zorion Festa kontzertua izango da Itsas Etxea Auditoriumean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna