‘Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldia urriaren 19an, Azpeitian

Jardunaldi hauek elkargune bat izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gunea bilakatzeko asmoz.

Azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu dira: sorkuntza-testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira, eta abar. Testuinguru berri horrek modu berezi batean eragin du euskal kultur sorkuntzaren transmisioan, are ahulagoak direlako kultur egiturak eta kultur esparruak.

Jardunaldi hauetan egungo kultur bitartekaritza izango da hizpide, betiere euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea xede izanik. Norabide horretan, kultur bitartekaritzaren hainbat eremutara hurbilduko direla iragarri dute antolatzaileek, jardunaldiz jardunaldi, “bitartekaritzan esku-hartzen duten eragileen egoera ikusgarri egiteko, baina, batez ere eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehazteko” (hezkuntza arautua, hezitzaileen formazioa, aisialdia, ekoizpena eta argitalpengintza, komunikabideak, kultur instituzioak, eta abar).

Lehen jardunaldi honetan hezkuntza arautuan jarriko da arreta, eskola-bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egiteko, eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz. Nolanahi ere, hezkuntza arautuaren eta hezkuntza ez-aratuaren arteko zubi zenbait izango dira aipagai, bi eremuen arteko elkarlana eta osagarritasuna ardazten joateko.

Egitasmoak elkargune bat izan nahi du, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gunea bilakatzeko asmoz. Azpeitiko Basazabal jauregian egingo dute lehenengo jardunaldi hau, urriaren 19an, Jalgi, Elkar Fundazioa, Hik Hasi, Azpeitiko Udala eta UEU-ren eskutik.

Informazio gehiago hemen.

Zabaldu: