Proiektuak urriaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira. Metrokoadroka kolektiboak, bestalde, Artxibo biluzia I. JMT Bekako proiektu irabazlearen emaitza argitaratu du liburu formatu berezian.
Joan Mari Torrealdai Bekaren bigarren edizioa abiatu dute Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak. Aurtengoan euskal kulturaren azterketari helduko dio egitasmoak eta proiektuak urriaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira. Irabazleak 14.000 euro eskuratuko ditu,18 hilabeteko epean ikerketa garatzeko. Proiektuak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidali beharko dira.
Haritz Azurmendi Jakineko kideak eman ditu xehetasunak, aurtengo gaiak bi ildo nagusi zabalduko dituela zehaztuz, Torrealdaik landutako liburugintza ardatz hartuta: batetik, liburugintzaren azterketa berrikustetik sor litekeena (metodologia berrikusiz, edo ikerketa kuantitatiboa kualitatiboki osatuz); eta bestetik, azterketa eredua beste alorretara zabaldu eta zinemari, musikari edo arte eszenikoei aplikatzea, esaterako. Epaimahaia Maialen Akizuk, Edu Apodakak, Ainara Lasak eta Ibai Iztuetak osatuko dute.
Artxibo biluzia
Lehen edizioko proiektu irabazleak Joan Mari Torrealdairen atxiloketa eta miaketa unean desagerrarazitako artxiboa du abiapuntu. Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbide eta Oier Guillan artxibo hutsaren aurrean kokatu dira azken bi urteotan, aurrean duenari zerekin bete nahiko lukeen galdetzeko.
Ikerketa martxan jartzean, taldea handituz joan da eta kide gehiago aritu izan dira norbere ekarpena ontzen, dokumentazio lanetik narraziora eta narraziotik Intza Alkain eta Javier Barandiaranek gorpuztutako pieza eszenikora, Danele Sarriugarte testuetan, Maria Elortza bideogintzan…
Beratarbidek azaldu duenez, liburuxkaren prozesua, biluzik utzi zuten artxiboa oroitarazten duen artxibategiko karpeta formatuan argitaratu dute, eta barruan formatu bat baino gehiago kabitzen dira. Esaterako, Maria Elortzaren bideoa biltzen duen txartela, edota jendaurreko emanaldietan ikusleek utzitako desirak biltzen dituen tolesgarria.
Usurbilgo Udalak Artxibo Biluziaren 400 ale argitaratu ditu, eta dagoeneko eskuragarri dago herriko eta hainbat liburu-dendatan 20 euroren truke.