Euskal kulturaren erakusleiho handia

Antolatzaileen esanetan, “Durangoko Azokarekin euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta kulturazaleek Azokaren deiari gogoz erantzun diote, euskal kultur sisteman duten garrantziaren jakitun”.

Lau eguneko jardunaldi bizien ostean, Durangoko Azokaren 59. edizioak atzo arratsaldean itxi zituen ateak eta Gerediaga elkarteari balantzea egiteko unea heldu zaio.  Bertako kideek adierazi dutenez, “euskal kulturaren erakusleiho handia izan da beste urte batez, hortik harago, sortzaileen eta kulturazaleen arteko hartu-emanerako plaza ere izan da. Sorkuntza lanak aurrez-aurre azaldu dituzte ekitaldietan eta erakusmahaietan, eta jendearen babesa jasota, aurrera begira lanean jarraitzeko bultzada jaso dute sortzaileek”.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “Azokak daukan zabalkundeari esker, euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta aterki horrek euskal kultura bizitzeko bidea ematen die zaleei, Azokan parte hartzea balio positiboekin lotzen dutelako. Kulturazaleei Durangoko Azokara etortzeko dei egin diegu, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela”.

Horrek guztiak pentsatzera darama antolakuntza, “kulturazaleek agertu duten nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lukeela urte osoan zehar. Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok”.

Bestalde, Azoka milaka ikasle batu zituen goizarekin abiatu zen. “Euskal Herri osotik 100 bat autobusetan eta bestelako garraio bidez etorri ziren, eta bete egin zituzten azokaren esparruak zein herriko kaleak. Gero, bigarren egunean Gazte Eztandarekin izan zuen segida. Euskal kulturaren transmisioan eragitea da azokaren asmo nagusietako bat, eta horretan jarraitzeko erabakia hartuta daukagu”, adierazi dute.

Guneetako aurkezpenei dagokienez, “jendetsuak” izan direla nabarmendu dute antolatzaileek. “Urteak dira esaten ari garela Azoka Landako Gunean hasten den arren, hori baino askoz gehiago dela, eta aurten berriz berretsi egin da. Guneetako egitarauaren irizpideak finkatu izanak euskal kulturgintza bere ertz guztiekin erakusteko bidea eman digu”.

Azoka gunez gune

Talaia gunea esaterako, “bai Landako Guneko areto nagusian, bai Museoko hitzaldi aretoan, gogoetarako ale asko izan dira liburu aurkezpenetan, mahai-inguruetan edota egitasmoen berri emateko saioetan. Bereziki azpimarratzekoa izan da, euskal kulturgintzaren transmisioa hedabideetan nola gauzatzen den EHUko Behategiak egin duen ikerketaren emaitzak Durangoko Azokan aurkeztea eta proposamen zehatzak ere plazaratzea”.

Ahotseneako literatura aurkezpenetan belaunaldi aniztasuna igarri da, gazteek, helduek eta nagusiek parte hartu baitute. Antolakuntzak nabarmendu duenez, “emakume asko egon dira aurkezten zein entzuten, lekua hartzen ari direnaren seinale”. Literaturak aurten Landako kanpoan izan duen kokaleku berrian, zenbait aurkezpen hasi aurretik itxaronaldiak egin ditu jendeak. “Musikaren gunean, Plateruena antzokian, nabarmentzekoa da publikoaren zati handi bat taldeak deskubritzera joan dela, proposamen zehatzetatik harago”.

Irudieneari dagokionez, “ikusi, ikasi, hunkitu, emozionatu eta sentsibilizatu egin da ikuslea azokako zinemetan. Euskarazko lanei balioa ematea, transmisioa lantzea eta gozatzea lortu da hainbat lanen bitartez. Ibilbide luze baten ondoren lan berri bat aurkeztu duen sortzaileak asko izan dira, eta baita lehen aldiz sortutako lan bat proiektatzeko aukera izan duten gazteak ere. Emanaldi askotan edukiera bete egin da, adin ugaritako ikus-entzuleekin. Sortzaileek haiekin solasteko tartea izan dute emanaldi guztietan”.

Kabian, eremu digitalaren gunea, aipagarriak dira adimen artifizialaren bueltan sorturiko gogoetak. Esaterako, “adimen artifizial sortzaileak kulturan izan ditzakeen aukerez eta arriskuez jardun zuten solasaldi batean; jende ugari bertaratu zen, eta eztabaida interesgarria sortu zen publikoaren partaidetzarekin. Bestalde, Gamer Gelak askoren arreta piztu zuen, eta jolaserako tarte polita izan zen gazteentzat zein helduentzat”.

Saguganbara, haur eta gazteen gunea, jarduera gehienetan bete egin da. “Liburu aurkezpenak entzun ostean, umeak idazle eta ilustratzaileei liburuak sinatzeko eskatzen ibili dira. Ekitaldirik egon ez den momentuetan ere familiak eta taldeak etorri dira, liburu berriak kuxkuxeatzera eta irakurtzera. Horrez gainera, kanpoko karpan eginiko aurkezpenek harrera ona izan dute”.

Azkenik, Szenatokia guneko emanaldi guztietan “jende andana” batu dela azpimarratu du antolakuntzak, eta sarritan ilarak sortu dira atean. Horregatik, edukiera handitu eta San Agustin kulturguneko koroa zabaldu da horretarako aukera egon denetan. “Antzerki piezak, bakarrizketak eta dantza eskaini dituzte konpainiek, eta aipagarria da aurkezpenen ostean kontratazioa itxi duela gutxienez euretako batek”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna