Frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi pertsonak osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa da.
Burutik kendu ezin duzun zerbaiti erreferentzia egiteko frantsesez erabiltzen den esamoldea da Ça colle au basque, eta baita Etxepare Euskal Institutuak datozen lau urteetarako aurkeztu duen egitasmoaren izena ere. Etxeparek zehaztu duenez, “euskal kulturaren proiekzioa lurralde frankofonoetan indartzea du helburu ekimenak; frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi pertsonak osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa”.
Hala, Institutua lurralde frankofono desberdinetako erakundeekin loturak sortzeko, garatzeko eta sendotzeko lanean ari da, komunitate horren nazioarteko proiekzioa aprobetxatuz.
Ekimenak, halaber, “euskararen ezagutza eta prestigioa sustatzearen alde egiten du, esparru akademikoan euskararen hedapena bultzatuz, sortzaile eta unibertsitateen artean sinergia berriak sortuz, eta egoera diglosikoan dauden hizkuntzen eta hauek hizkuntza hegemonikoekin dituzten harremanen testuinguruan euskararen errealitateari balioa emanez”.
Egitasmoaren ardatzak
Ça colle au basque lau ardatzen bidez garatuko da. Lehenik eta behin, Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren eremuan jada bultzatzen dituen dinamika eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko da, besteak beste, Quebec en toutes lettres (Quebec, Kanada), Fest ´Arts (Libourne, Frantzia) edota Foire du Livre de Bruxelles (Brusela, Belgika) jaialdietan.
Bigarrenik, finantzaketa-ildo berriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte har dezaten errazteko, baita haien argitalpen-sisteman presentzia izan dezaten bultzatzeko ere. Ekimen nabarmenen artean daude frankofoniaren eremuan gauzatuko diren euskal literaturako argitalpen-proiektuetarako finantzaketa-lerroa edota arte eszenikoen azoketan parte hartzeko laguntza espezifikoak ere, hala nola Cinars Biennale (Montreal, Kanada) eta Rideau: L ´Association professionnelle des diffuseurs de spectacle (Quebec, Kanada). Gainera, 2026rako ‘Itzultzaile Berriak – Nouveaux Traducteurs’ proiektuaren edizio berri bat aurreikusten da, atzerrian euskal literaturako itzultzaile sare bat sortzea helburu duena. Edizio horretan, frantseserako itzulpenean egongo da fokua.
Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin lankidetza indartuko da. Izan ere, “euskal kulturaren eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, eta unibertso horretara sarbide bihurtzeko potentzial handia dute, errealitate linguistikoa eta egitura instituzionala partekatzen baitituzte”. Zentzu horretan, Etxepare Euskal Institutuak nabarmendu du Malandain Ballet Biarritzekin Maitaldia jaialdiaren baitan garatzen ari den proiektua, “euskal ekoizpen eszenikoak frankofoniaren unibertso osoko programatzaileei hurbiltzeko”.
Azkenik, Ça colle au basque ekimenari esker, Etxepare Euskal Institutuak lantzen duen esparru akademikoa indartu ahal izango da, erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortuz. Institutua Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateekin ari da lanean, azaroan, Parisen, frankofoniako testuinguru soziolinguistiko diglosikoetako itzulpenari buruzko kongresu bat antolatzeko.