'Au pays des Basques' filma

Euskal musika ardatz hartuta, bost film proiektatuko dira Zinemaz Blai zikloan

Edizio honi hasiera emateko, Zirzira Ahots Taldea dokumentala proiektatuko da (Ius Perez, 2020) azaroaren 5ean.

Bilboko Euskal Museoak, seigarren urtez jarraian, Zinemaz Blai film laburren zikloa antolatu du. Hasiera batean, maiatzean egin behar zen, baina Covid-19aren pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen. Orain, Bizkaiko museoak berriro heldu dio film laburren zikloari, betiere, gaur egun indarrean diren osasun-neurri guztiak betez eta “kultura segurua” dela baieztatuz. Alberto Lopez Etxebarrieta kazetariak gidatuko du jarduera, zeina euskal zinemaren erreferente bihurtu baita jadanik. Oraingo honetan, Euskal Museoak Euskal musikaren oinarriak izeneko zikloa aurkeztuko du: euskal zinemako bost saioren bidez, musikaren historiaren mugarriak erakutsi nahi ditu.

Zinemaz Blai zikloa egun hauetan egingo da: azaroaren 5, 12, 19 eta 26an eta abenduaren 10ean, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, edukiera mugatuta egongo da, eta gonbidapenak Euskal Museoaren webgunean eskuratu ahal izango dira gaurtik aurrera.

Edizio honi hasiera emateko, Zirzira Ahots Taldea dokumentala proiektatuko da (Ius Perez, 2020) azaroaren 5ean. Gainera, emanaldian bertan, solasaldia izango da Bizkaiko abesbatzen etorkizunaren inguruan. Bertan, abesbatza horien ordezkariek parte hartuko dute. Hurrengo egunetan, berriz, honako film hauek ikusteko aukera egongo da: Au pays des basques, Euskal Herri Musika, Diez melodías vascas eta Ikuska 13: Euskal Melodia Berria. Mikel Laboa izango da protagonistetako bat.

Aurreko urteetan bezala, film bakoitzaren ostean solasaldi bat egongo da. Aurten, Euskal musikaren oinarriak izeneko zikloan parte hartuko dute pertsona hauek: Bizkaiko Abesbatzen Astearen zuzendari Pilar Jauregik, Zirzira Ahots Taldeko zuzendari Ius Perezek, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendari Enrique Azurzak, Euskal Museoko teknikari Amaia Mujikak, Euskadiko Filmategiko zuzendariorde Ion Lopezek, Jesus Guridi artistaren alaba Julia Guridik, Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendari ohi Cecilio Gerrikabeitiak eta euskal kantagintza berria aztertu duen Joxe Mari Iriondok.

Zinemaz Blai zikloari esker, hainbat aktore eta zuzendariren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da, hala nola Fernando Larruquert eta Victor Zubizarretarena. Gainera, euskal zinema soinudunaren estreinaldia ikusteko aukera izango dugu: Gernikako Arbola jo zuen Bilboko Schola Cantorum taldeak, foru zuhaitzean.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: