(argazkia: Durangoko Azoka)

Euskal musikagintzaren azken nobedadeak Durangoko Azokako 56. edizioko Spotify zerrendan entzungai

Ibilbide luzeko musikariak eta musika-talde hasiberriak topa daitezke zerrenda honetan. Astez aste eguneratzen joango da, nobedade berriekin.

Hilabete baino ez da falta Durangoko Azokako 56. edizioa hasteko, eta euskal kulturaren plazak edizio honetako Spotify zerrenda argitaratu du gaur. Musikazaleek Euskal Herriko musikagintzaren azken nobedadeak topatuko dituzte bertan: 40 abestiz osatutako musika-zerrenda hau astero eguneratuko da, euskal musikari eta taldeek euren azken nobedadeak Spotifyn argitaratzen doazen heinean.

Durangoko Azokako kideek azaldu dutenez, “azken urteetan egin den bezala, aniztasuna da zerrenda honen ezaugarri nagusia: musikari ezagunak, hasiberriak, kantautoreak, aspaldiko abestien bertsioak, euren lehenengo diskoa kaleratu duten musikari gazteak, urtero Azokan hutsik egiten ez dutenak…”

Ohikoa den bezala, pop-rock doinuak dira nagusi Spotify zerrenda honetan: Audience, Insomnia, Sueder, Nax Agirre, Addar, Rolan Garces & Bandatze, Ezpalak, Etxekalte eta Habi… “Bereziki oparoa izan da aurten bakarlarien uzta, lan berriekin helduko baitira Jabier Muguruza, Iker Lauroba, Maite Larburu, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Eneritz Furyak, Olatz Salvador (Rozalenekin batera egindako abestia), Petti, Serge, Bixente Martinez, Mikel Moreno Kauta taldearen abeslari ohiaren proiektu berria…”, nabarmendu dute.

Folk doinuak ere badira musika-zerrenda honetan. Horren adibide dira Amak, Iñaki Palacios, McOnak eta Gorka Sarriegiren arteko lankidetza, Jabi Patxon, Kherau, Kalakanek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarrekin kaleratutako lana eta abar.

“Musika-estilo guztiek izango dute lekua Azokan: flamenkoa Kilimak taldearen bidez, Anita Parkerren funk doinu dantzagarriak, Arri!-ren musika elektronikoa, Bengo, Nikotina eta Duplaren rap doinuak edota poema-liburu batentzat sortutako abestia, Hedoi Etxarte idazlearen eskutik”.

Urtero bezala, aspaldiko abestien moldaketak ere izango dira aurtengo edizioan. Jon Maiak eta Asier Etxeandiak Gozategiren Nirekin abestiaren bertsioa egin dute; Zetak taldeak Zein ederra izan den diskoaren edizioa egingo du; Txomin Artolaren Aberriaren Mugak abestiaren moldaketa ere izango da…

“Durangoko Azokan ume eta familientzat hamaika sormen-lan izaten ditugu urtero, eta horren isla ere bada Spotifyko zerrenda. Bertan topa ditzakegu Ene Kantak taldeak edota Kantu Kolorek kaleratutako azken lanak, edota Irrien Lagunaketik zabaldu duten Mundu berri bat guztiontzat proiektua. Azkenik, musika klasikoa gusuko dutenek ere German Ormazabal eta Garikoitz Mendizabalen Metamorfosia lanaz gozatu ahal izango dute.

56. Durangoko Azokako zerrenda honetan 40 abesti agertzen badira ere, hurrengo asteetan hainbat musika talderen single berriak gehituko dira, besteak beste, Huntza, Skakeitan, Nahiak Nahi, Bastardix, STR eta Dientes de Luna.

Zabaldu: