Nuevo Cine Vasco izenburupean, Bogotako Zinematekak azken urteetan ekoitzitako euskarazko sei film aurkeztuko ditu bihartik otsailaren 26ra arte.
Kolonbiako hiriburuko hainbat kultur gunek euskal sorkuntzari ateak irekiko dizkiote datozen hilabeteetan Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin. Hala, bertako ikuslegoak Euskal Herrian egindako zinema, musika, dantza eta antzerkia ezagutzeko aukera izango du, 2022. urtean hasitako ibilbideari jarraipena emanez.
Lehenbiziko hitzordua otsailaren 21etik 26ra Bogotako Zinematekan egingo den Nuevo Cine Vasco zikloa izango da. Proposamen honek azken urteetan euskaraz ekoitzitako lan esanguratsuenetako batzuk ezagutzera gonbidatu nahi du publikoa ekuazio sinple batean oinarrituta: ikuspegi, estilo eta gaien aniztasuna. Aurkeztuko diren filmak lehen aldiz ikusiko dira Kolonbian, 12 emanalditan: Erlauntza, (Mireia Gabilondo, 2021), Amama (Asier Altuna, 2015), Black is Beltza, (Fermin Muguruza, 2018), Oreina, (Koldo Almandoz, 2018), Handia, (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) eta Dantza, (Telmo Esnal, 2018).
Zinemarekin jarraituz, gatazka eta bizikidetza ardatz duten zazpi euskal ekoizpen ikusi ahalko dira maiatzean, hauek ere, Bogotako Zinematekan. Film hauek Kolonbiako Egiaren Batzordeak eta Arteen Institutu Distritalak (Idartes, gaztelaniazko siglatan) antolatutako programa zabalago baten parte izango dira, Que haiga paz: campo visual, conflicto y memoria izena duena. Egitasmoaren helburua da zinemaren inguruan elkarrizketa bat sortzea, honek Kolonbiako gatazka armatuan duen lekuaz, bere balio narratiboaz eta egiari aurre egiteko gizartearentzat duen garrantziaz hausnartzeko. Kolonbiar gizarteari gertatutakoaz hausnarketa bultzatu nahi du, hala, adiskidetzerantz bidea egiteko. Programazioaren baitan, hilero, elkarrizketa sozialari ekarpenak egingo dizkioten bertako eta nazioarteko ikus-entzunezko lanak aurkeztuko dira. Testuinguru horretan, euskal gatazka eta bizikidetzaren gaiari heltzen dioten zazpi film programatu dituzte: La Fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981), Yoyes, (Elena Taberna, 2000), La pelota vasca (Julio Medem, 2003), Asier eta biok (Aitor/Amaia Merino, 2014), Lasa eta Zabala (Pablo Palo, 2014), Negociador (Borja Cobeaga, 2014) eta Maixabel (Iciar Bollaín, 2021). Ziklo honen komisariotzan Jose Luis Rebordinosek (Donostiako Zinemaldia), Joxean Fernandezek (Euskadiko Filmategia), Vanesa Fernandezek (Zinebi) eta Pilar Rodriguezek (Deustuko Unibertsitatea) hartu dute parte.
Arte eszenikoen alorrean, Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiak hartuko du lekukoa. 2022an eskainitako Ventana Vasca foku bereziari jarraipena emanez, aurten Tanttaka Teatroa eta Kukai Dantza arituko dira Kolonbiako hiriburuko erreferentziazko kultur gune honetako oholtzan. Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok gidatutako antzerki konpainiak bi lan aurkeztuko ditu apirilaren 25etik 29ra: Sexberdinak eta Semea pixka bat motelago dabil soilik.
Kukaik berriz Desde mi txoko eta Yarin lanak taularatuko ditu abuztuaren 22etik 26ra.
Musikari dagokionez, Bime Bogotá egingo da bigarren aldiz, maiatzaren 3tik 6ra. Bilbon egiten den musika industriaren nazioarteko topaketaren Amerikako edizio honetan Oreka Tx taldeak hartuko du parte Basque. Music.-ek sustatutako showcasean. Euskal Herriko musika nazioartekotzeko asmoz, Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten plataforma Kolonbiako hitzordu honetan egongo da beste behin Latinoamerika eta Euskal Herriaren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko helburuz.