(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Euskal Zine Bilera urriaren 20tik 23ra egingo da Lekeition

Jaialdiak lau eguneko iraupena izango du aurten, “ohikoa baino laburragoa izango da, baina baita biziagoa ere”, azaldu dute.

Aurten 45 urte beteko ditu Euskal Zine Bilerak eta antolatzaileen esanetan, “sekula baino arrazoi gehiago ditugu Lekeition zinema garela esateko. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat”.

Urte bete gehiagoz, Ikusgarri zine aretoak bere ateak irekiko dizkio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari urriaren 20tik 23ra bitartean. Jaialdiak lau eguneko iraupena izango du aurten, “ohikoa baino laburragoa izango da, baina baita biziagoa ere”, azaldu dute. Egun horietan zehar euskarazko ikus-entzunezko arloarekin lotutako ekintza ugari antolatuko dira, sektorearen presentzia indartu eta euskarazko filmen sustapenarekin. Euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

“Aurtengo edizioa inoiz baino herrikoiagoa izango da”, nabarmendu du antolakuntzak. “Lekeition zinea gara, eta lekittarrak dira horren arduradunak. Haiek dira zinema aretoa betetzen dutenak, euskarazko filmak kontsumitzen dituztenak eta, noski, Euskal Zine Bilera bizirik mantentzen dutenak”. Hori eskertzeko asmoz, 45. edizioko karteletan herritarrak izango dira protagonista, haiek agertuko baitira kartel nagusietan. “Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko ditugu aurten eta bilera izaera bereziki sendotuko dugu”.

Sail Ofiziala

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Lehiaketaren barnean 20 film labur aukeratuko dira. “Gogora dezagun aurkezten diren lanek aurre aukeraketa bat igarotzen dutela eta horietatik soilik 20 heltzen dira Sail Ofizialeko Lehiaketara”.

Bestalde, Euskal Zine Bilerak urtero jartzen du begirada euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. “Aurtengo begirada berezia Ramon Agirre aktoreari jarriko diogu, eta bere legatua aitortu, ospatu eta omentzeko tartea eskainiko diogu. Azken lau hamarkadetako ikus-entzuleak euskaraz entretenitu, elikatu, hezi, sentiarazi eta pentsarazi baitu Agirrek”.

Emakume zinemagileen topaketa profesionalak

(H)emen, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeez osatutako elkartea da. 2016an sortu zen bi sektore horietako emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko asmoz, lan harremanak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko.

Sortu zenetik elkarlanean aritu dira EZB eta (H)emen. EZBren barnean (H)emen Gaude espazioak leiho bat zabaltzen dio euskal ikus-entzunezkoen sektoreari momentuan dauden problematika edo hausnarketak plazaratzeko. Aurten, Arantza Santesteban zinegilearen lana ezagutuko dugu 918 Gau filmaren bidez eta Kristina Zorita kazetari eta zinegileak egingo dion elkarrizketaren bitartez.

Kameratoiari dagokionez, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten euskarazko ikus-entzunezko rally hau urriaren 21tik 23ra ospatuko da. Zinemagile gazteek 40 ordutan film bat sortu eta aurkeztu beharko dute. Aurten, gidoigintzari buruzko formakuntza jasoko dute gainera, eta Paul Urkijo zuzendaria izango dute mentore.

Azkenik, Atzo 8 espazioak euskal zinemaren ondarea batu eta dibulgatzea u helburu. Aurtengo egitarauaren barruan, super 8 tailer bat garatuko da Zine-Lab proiektuko kideekin batera. Parte-hartzaileek Super 8 formatuan film bat sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko dituzte. Ondoren, lantegi praktiko honetan pelikula bat filmatuko dute, errebelatu eta Super 8-an proiektatuko dute azkenik. Lantegian parte hartzeko izen-ematea irekita dago jada zinebilera.eus webgunean.

Zabaldu: