Kulturaren balioa, giza eskubideak, tortura, trans komunitatea, euskal bakezaletasunaren memoria eta Kepa Junkera musikariaren gainditze historia bezalako gaiak jorratzen dituzten bost film luze proiektatuko dira urriaren 24tik 28ra, Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean.
Euskal Zinema Dokumentalaren VIII. Asteak Donostiako Zinemaldian ikusi diren produkziorik onenak ekarriko ditu Gasteizera. Halaxe iragarri du Vital Fundazioak, eta lanen artean Maria Elorza zuzendari arabarraren A los libros y a las mujeres canto filma azpimarratu nahi izan du. “Vital Fundazioa Kulturunea euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen sorta honen agertokia izango da hilaren 24tik 28ra”, azaldu dute. Emanaldiak egunero izango dira, 19:30ean, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Antolakuntzaren esanetan, “gaurkotasunak eta kalitateak berezko garrantzia eman diote ziklo honi”. Jardunaldien hasieranegun horretan proiektatuko den dokumentalaren aurkezpena egingo da, eta ondoren zuzendariek hitzaldia eskainiko dute. Ander Iriarte, Izaskun Arandia, Xabin Intxausti, Fermin Aio eta Maria Elorza bost film luzeen zuzendariek bertaratuko direla baieztatu dute.
Hilaren 24a, astelehena, izango de lehen eguna Maria Elorza gasteiztarraren lehen lan luzearekin: A los libros y a las mujeres canto. Dokumentala Zuzentzeaz gain, gidoiaz, argazkilaritzaz, muntaketaz eta soinuaz arduratu da Elorza. Egilearen hitzetan, “Ia-ia Avioneta izena hartu zuen emakume baten istorioa da.
Asteartean, hilak 25, Ander Iriarteren Karpeta Urdinak lanaren txanda izango da. Zuzendaria 1960-2014 aldian Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren esparruan egindako Euskal Autonomia Erkidegoko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan sartu zen. Ikerketa horretan argitaratutako emaitzek ikaratuta, gerora, prozesuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatria eta abokatuekin elkartu zen berriro. Horiek “tortura psikologikoa”, “Istanbulgo protokoloa” edo “hurbilketa estatistikoa” bezalako kontzeptuei buruz hitz egin zioten Iriarteri, eta torturaren errealitatea erakutsi iparralde globalean.
Asteazkenean, Izaskun Arandiaren My way out lana eskainiko dute. The Way Out trans pertsonentzako klub mitikoaren historia da, 2018an 25. urteurrena ospatu zuena. Dokumentalak Londresko trans eszenaren azken hiru hamarkadak errepasatuko ditu, eta, elkarrizketa eta artxiboko grabazioen bidez, klubak komunitate horretan izan duen eragina azalduko digu. 2020ko martxoan, eta munduko pandemiaren ondorioz, ateak itxi zituen.
Xuban Intxaustiren Gesto izango da hilaren 27ko protagonista. 30 urtez bakearen alde eta Euskal Herriko indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren oroimenean barrena egingo duen bidaia da.
Hilaren 28an, ostirala, Fermin Aioren Kepa Junkera berpiztu lanaren eskutik itxiko da Astea. Trikitia eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen euskal artista, euskal musikaririk nazioartekoena bihurtu zen eta mundu osoko artistak euskaraz abestera gonbidatu zituen pertsona autodidaktak 2018ko abenduaren 6an utzi zituen agertokiak gaixotasun bategatik.
Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea, 5 – Dendarabako 1. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.