Donostiako Tabakaleraren Kontatutako Zinea zikloak euskal zinemagileen sortze-prozesuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du udazken honetan; zinemagileen filmak Donostiako Zinemaldian sarituak edo hautatuak izan dira. Datozen asteetan, zuzendari ezagunek beren filmen inguruko esperientziak eta gogoetak azalduko dituzte, hala orain zinema-aretoetan ikus daitezkeen euskal zinema garaikidearen sortze-prozesuak ikusleei hurbiltzeko.
Kontatutako zinea zikloa urriaren 9an abiatuko da, Sara Fantovaren Jone, batzuetan (2025) opera primaren proiekzioarekin. EITB Egile Berriak Saria jaso berri du Fantovak Zinemaldian. Pelikulak 20 urteko Jone gaztearen istorioa kontatzen du. Bilbon bizi da gaixorik dagoen aitarekin eta ahizpa txikiarekin. Aste Nagusian lehen amodio istorioa biziko du, bizipozak eta gaixotasunaren hauskortasunak markatuta. Proiekzioaren ondoren zuzendariak sortze-prozesuaz hitz egingo du ikus-entzuleekin.
Urriaren 16an, berriz, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi (Moriarti) zinemagileek Maspalomas (2025) aurkezteko parte hartuko dute zikloan, Zinemaldiko aurtengo edizioko Sail Ofizialean aukeratutako filma. Sebastiane Saria eta Jose Ramon Soroiz aktoreari Zilarrezko Maskorra eman dizkiote.
Zuzendariek Vicenteri jarraitzen dion istorio honen sortze-prozesua partekatuko dute. Protagonista 76 urteko gizon homosexuala da, eta istripu baten ondoren, “armairura” itzuliko da ingresatzen duten zaharren egoitzan. Identitateari, zahartzaroari eta askatasun pertsonalari buruzko begirada intimo eta hunkigarria eskaintzen du filmak.
Asier Altuna zuzendariak, bere aldetik, Zinemira saria jaso duen Karmele (2025) aurkeztuko du, eta Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako istorioaren sortze-prozesua azalduko du. Bertan, gerra zibilak eta erbesteak markatutako familia baten istorioa eta iraganeko zauriak sendatzeko borroka kontatzen dira.
Paul Urkijoren Gaua fima
Azaroan, Paul Urkijo zinemagileak bere azken lana aurkeztuko du, Gaua (2025), Sitgeseko Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko dena. Fantasia eta historia uztartzen dituen XVII. mendeko istorio hau nola garatu duen azalduko du zuzendariak.
Azkenik, abenduan, Irati Gorostidi zinemagileak bertaratutakoekin partekatuko du Aro berria (2025) bere lehen film luzearen sortze-prozesua; Zinemaldiko New Directors sailean estreinatu da eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Filmak 70eko hamarkadan Nafarroan sortutako mugimendu alternatiboan sakontzen du, bertan parte hartu zutenen esperientziak ardatz hartuta. Arcoiris 82 erakusketa film horri lotuta dago, eta Ultzama bailarako Arco Iris komunitateari begirada berritzailea eskaintzen dio. Tabakalerako 2. erakusketa-aretoan dago ikusgai.
Erakusketarekin lotutako egitarauaren barruan, Zinea eta artea zikloan, Nafarroako zinemagilearekin lan egin duten beste zinemagile batzuk aurkezpenak egingo dituzte, hala nola Arantza Santesteban, Mirari Echavarri eta Jonander Agirrerenak, eta proiekzioak eta publikoarekin topaketak uztartuko dira, zinemaren eta arte garaikidearen arteko harremana azaltzeko.
Urtarriletik aurrera, Tabakaleraren Kontatutako zinea eta Koldo Mitxelena Kulturunearen Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimenek 2026an zehar jarraituko dute, Donostian zinema jendearengana hurbiltzeko ahalegin bateratuaren baitan, Zinemaldiko Z365 sailaren eta Elias Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin.
Kontatutako Zinea zikloko saioak urrian, azaroan eta abenduan egingo dira Tabakalerako zinema-aretoan, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Tabakaleraren webgunean.