Euskal Zinemaren Gala handia izango da gaur Donostiako Victoria Eugenia antzokian

Besteak beste, Donostiako Zinemaldiak ematen duen Zinemira saria emango diote Elena Iruretari arratsaldeko ekitaldian.

Ordu batzuk baino ez dira falta Euskal Zinemaren Gala handia abiatzeko. Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da hitzordua arratsaldeko 19:30ean, eta Leire Martinez abeslaria eta Gorka Aginagalde aktorea ariko dira aurkezle lanetan. Bertan, Izaro Andres abeslariak, Alos Quartet taldeak eta Amaia Elizaran dantzariak ere hartuko dute parte.

Elena Iruretak Donostiako Zinemaldiak ematen duen Zinemira saria jasoko du ekitaldian. Sari honekin aktore zumaiarraren ibilbideari aitortza egin nahi diote. Edurne Azkaratek, bestalde, Euskal Aktoreen Batasunak banatzen duen Bultzada saria jasoko du Irati filmean egindako lanarengatik. Gainera, Paul Urkijok zuzendutako pelikula honek EZAE ematen duen saria eramango du, 2023an diru-bilketa handiena lortu zuen euskal ekoizpena izateagatik eta euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik. Euskal Gidoigileen Elkartearen eta SGAEren Euskal Herriko Gidoigile Onenaren saria Michel Gaztambidek eta Victor Ericek eramango dute, eta, amaitzeko, Victor Iriartek EITBren Egile Berriak saria jasoko du, Sobre todo de noche fikziozko lehen filmagatik.

Gonbidatuen artean Estibaliz Urresola, Aitor Arregi, Sofia Otero, Telmo Irureta, Ane Rot, Martin Urrutia, Jon Olivares, Ainhoa Etxebarria, Lander Otaola, Itziar Lazkano eta Amaia Aberasturi izango dira, besteak beste.

Zabaldu:

Utzi erantzuna