(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskalgintzak eta alkateek Konstituzionalaren epaia salatu eta euskararen normalizazioaren alde egin dute

Agerraldian, euren kezka eta egoeraren larritasuna azaldu dute sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen dituela adierazi dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkateek, udal hautetsiek eta euskalgintzako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute gaur EAEko Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean. Izan ere, pasa den ostegunean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2016ko Udalen Legearen aurka ebatzi zuen, udalei euskara hutsez aritzeko aukera zabaltzen dien araua ezeztatuz.

Agerraldian, euren kezka eta egoeraren larritasuna azaldu dute sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez adierazi dute, “herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori”.

Finean, epai honek euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela adierazi dute, eta, diotenez, “euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du”.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain esku hartutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badela nabarmendu dute. “Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan hona hemen alkate eta udal ordezkariren presentzia”.

Uste dutenez, “epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte da, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen da. Euskalgintzako eragileok kezka horren berri hementxe bertan eman genuen joan den maiatzaren 10ean, eta herritarrei dei egin genien azaroaren 4an oldarraldi honen aurka, baina, batik bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Epai honen ondoren, deialdia are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde”.

Zabaldu: