(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskalgintzaren Kontseilua itsaso berriak esploratzeko prest

12 urtez ontzia gidatu ondoren, Paul Bilbaok bazkide guztien aurrean pasatu dio erakundearen lema Idurre Eskisabeli.

Mende laurden bete du Euskalgintzaren Kontseiluak. 1997ko abenduaren 6an aurkeztu zen Durangon Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, 2020tik aurrera Euskalgintzaren Kontseilua izenez ezaguna. Egun eta toki berean ospatu du 25. urteurrena, ordezkaritza instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabala izan duen ekitaldian, baina protagonista nagusia Idurre Eskisabel Larrañaga izan da, bera izango da aurrerantzean idazkari nagusi kargua beteko duena. Eskisabelek esker onak eman nahi izan dizkio “genealogia euskaltzaleari, euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garaietan ere ez ziolako etsi, baita egun euskara itsaso zabal bat izan dadin arloz arlo lan egiten duten pertsona guztiei ere”. Itsasoaren metafora izan da nagusi Eskisabelen hitzartzean. Euskalgintzarentzat ezagunak diren itsasoez aritu da, eta oraindik ezagutu beharrekoez. Itsasontzia da Kontseilua; lemazaina, idazkari nagusia. Eta, 12 urtez ontzia gidatu ondoren, Paul Bilbao Sarriak bazkide guztien aurrean pasatu dio erakundearen lema Idurre Eskisabeli.

“Euskalgintzako kideak aspalditik gabiltza aro berri baten iragarpenean. Jabetuta munduaren aldaketa abiadura inoiz ez bezala azeleratu dela azken bi hamarkadetan, orain arteko tresna, apareju eta nabigazio kartak jada ez zaizkigu baliagarri. Baina aro aldaketak ez dira egun batetik bestera gertatzen, eta euskalgintza badago jada ziklo berrian murgilduta”, adierazi du Eskisabelek. Izan ere, azaldu du, bizi garen munduan “hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, eta mundua eta gu gero eta homogeneoagoak. Horrenbestez, hizkuntza txikiagoetan, gutxiagotuetan, aritzeko bulkada bat ere behar da. Eta bulkada horiek ez dira kasualitatez sortzen, eratu eta sustatu egiten dira. Bide horretan, itsaso berriak esploratzera irtengo da Kontseilua”.

Bestalde, gogora ekarri du iaz Kontseiluak bultzatu zuen Batuz Aldatu adostasun soziala. Bertan, euskalgintzako eta euskalgintzatik kanpoko ehundik gora gizarte eragilek bat egin zuten etorkizuneko hizkuntza-politikaren bide orriarekin: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea helburu, ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea eta erabilerarako eremuak garatzea. Egungo politikek behar duten jauzia bultzatzeko, Eskisabelek adierazi du “adostasunean sakontzea” izango duela helburu, “adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, adostasuna instituzioekin, eta adostasuna beren burua euskalgintzatik eta euskaratik urruti ikusten duten arren, bizikidetza, justizia eta kohesio soziala helburu dituztenekin ere. Euskararen biziberritzea justizia eta kohesio sozialari muin-muinean lotzen zaion kuestioa baita”.

Azkenik, idazkari nagusi berriak azpimarratu du “euskarak zerbait behar badu, hori politika da, letra larriz idatzitako politika. Diferentzien gainetik interes orokorrean, euskararen biziberritzean begirada jartzeko gai izango dena. Adostasun politiko horiek lortzea izango da nire ahalegina”.

Zabaldu: