Kohesioa eta justizia soziala izango dira helburuak.
Euskalgintzaren Kontseiluak 2022. urteko irakurketa eta ondorioak izenburuko txostena aurkeztu du gaur, Bilbon. Honetan, iazko urteak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak eta bideorria aurkeztu dituzte Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berriak eta Paul Bilbao aurreko idazkari nagusiak.
Urte berrirako bideorria
Aurkezpenean, Idurre Eskisabelek 2022ak utzitako irakaspenak, egitekoak eta erronkak zerrendatu ditu, eta Kontseiluaren aurtengo jarduna bi lan lerro nagusitan laburbildu du. Batetik, jada abian diren egitasmo eta dinamika zehatzen lanketan segitzea. Esate baterako, EAEri dagokionean, “Hezkuntza legean edota administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuan eragitea, ezagutzaren unibertsalizaziorako egiazko tresna eta euskaldunentzako eremu egiaz eroso izan daitezen”. Nafarroan, berriz, “ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jartzea, administrazioan euskara kontuan har dadin bermatzea edota hezkuntzako PAI ereduaren bidez euskarak eta euskal hiztunek jasaten duten bazterkeria etetea”, azpimarratu du. Ipar Euskal Herrian lagatako etxeko lanak ere aipatu ditu, besteak beste, “ikasleek bigarren ziklo amaierako eta batxiler bukaerako azterketak euskaraz egin ezinik jarraitzen dutelako, eta hezkuntzako murgiltze eredua zabaltzeko eta sendotzeko eragozpenak handiak direlako”.
Hauetaz gain, bigarren lan lerroa ere nabarmendu du, urgentziakoa: euskararen kontrako oldarraldi judizialari aurre egitea. Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokitako sententzien harira, Eskisabelek oso larritzat jo du botere judizialak hizkuntza-politiketan esku hartzea eta baldintzatzea, hau da, auzitegietatik politika egitea, “herritarron eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat prestatzeari ekingo diogu, batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko”.
Euskalgintzatik haragoko adostasunak erronka
Jarraian, Kontseiluko idazkari nagusiak aurtengo aurreikusitako erronken berri eman du. Horrela, aitortu du Batuz Aldatu adostasun sozialean sakondu eta euskalgintzatik kanpoko gero eta eragile gehiagotara jotzea izango dela aurrera begira eginkizun handienetako bat. Zentzu horretan, lehentasun gisa jo du beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoei “azaltzea euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den kohesio eta justizia sozialarekin. Eta, nola ez, haiei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea. Orain arteko esperientziak erakutsi digu uste duguna baino handiagoak direla”.
“Adostasunak”, gaineratu du Eskisabelek, “ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu eta josi egiten dira. Eta adostasun horien oinarria izan behar du ulertzea eta onartzea euskararen normalizazio eta biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez ari garela”.
“Mundu osoan gertatzen ari diren aldaketa ekonomiko, sozial, politiko eta kultural azeleratuek oso erronka zailak jarri dizkiela gurea bezalako hizkuntza gutxituei ikusten ari gara. Hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, eta euskararen aldeko hautua egiteko gero eta erabakimen handiagoa behar da, hizkuntza-politika sendo eta irmoen bidez”, aipatu du.
“Gero eta argiago ikusten ari gara orain arteko hizkuntza-politikak ez direla aski. Euskalgintza jabetuta dago erronka horietaz guztiez, eta desafio horiei aurre egiteko hizkuntza-politikan jauzi bat egiteko beharraz. Diskurtso eta praktika berriak ari da sortzen eta gauzatzen. Nabarmentzekoa da, euskararen normalizazioan irabazitakoa ez dela izango bakarrik euskaldun eta euskaltzaleentzat; aldiz, bizikidetzan eta berdintasunean sakontzea ekarriko du. Eta, azken buruan, demokraziaren sakontzean”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Egiturazko ekarpenak adostasuna oinarri
Ondoren, Paul Bilbaok hartu du hitza 2022ak emandakoaren laburpena egiteko, eta Batuz Aldatu dinamikaren baitan egindako urratsen garrantzia mahai gainean jarri du. Batetik, EAEn hezkuntza legearen eztabaidaren baitan egindako lanketa azaldu du: “Euskalgintzan gai izan gara beste auzi batzuetan desadostasun handiak dituzten eragileak proposamen zehatz baten inguruan biltzeko: euskarazko eredua orokortzea. Horrexegatik, berretsi behar dugu euskarari dagokionez, ez dagoela gurea baino adostasun sozial handiagorik, eta ezin dela legetik kanpo utzi”. Horrekin batera, EAEn administrazioa euskalduntzeko dekretuaren baitan ere, gehiengo sindikalarekin proposamen pragmatiko eta egingarria aurkeztu zen. “Erakutsi dugu, borondatea egonez gero, hamabost urtean administrazioa euskaldundu daitekeela. Kezkaz bizi dugu administrazioaren euskalduntzeari epemuga jarri ez izana”, esan du.
Bestelakoetan, 2022a plazak eta kaleak hartzeko urtea izan dela azaldu du Bilbaok “herritarrek kaleak bete dituzte bidegabekeriak salatzeko Iruñean, Laudion, Bilbon, Tuteran, Baionan… Hamaika egunez Euskal Herria Korrika ibili zen hitzetatik ekintzetarako jauzia egin behar dela aldarrikatuz; Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin”, adierazi du.
Azkenik, Kontseiluko ordezkariak ere kezka agertu du botere judizialak hizkuntza-politika egiten jarraitu duelako, zertarako eta euskaldunon eskubideak are gehiago murrizteko, “horri batasunetik erantzun beharko zaio urte honetan zehar, nabarmendu du.