‘Euskalskillz’ izeneko lan berria dakar Gatomek

 

Jamaikar doinuekin jolastu nahi izan du Bermeoko musikariak lan berri honetan eta, horretarako, reggaea eta Dancehalla estiloak nahastu ditu,  rap doinuak alde batera utzi gabe, baina soinu modernoagoak sortuz.

Gatom Bermeoko rap abeslariak “Bueltan gatoz” diskoa aurkeztu zuenetik urtebetera dator gaur aurkeztu duen Euskalskillz izeneko lan berria. Taupaka elkartearen arabera, iazko maxi-aren jarraipena da honakoa, soinu aldetik batez ere.

Jamaikar soinuekin jolastu nahi izan du Gatomek. Hala, lan berri honetan reggaea eta Dancehalla estiloak nagusitzen dira, betiko rap doinuak alde batera utzi gabe, baina soinu modernoagoekin nahastuz.

Diskoa beraz, jamaikar soinuan oinarritua dago, bertan gai ezberdinak agertzen direlarik. Gizartearen kritikatik hasita, desikasteko beharra dagoela dio rap abeslariak. Bakoitzak bere kodeak ulertu eta erabiltzearen beharrizana erakusten du lan berriak. Gazte eta errebelde izatearen grina piztu, denbora aprobetxatzeko beharra (kapitalaren erritmotik at) erakutsi eta gizartearen eraldaketarako ordua dela adierazten ditu Gatomek diskoan, beste mezu askoren artean.

Geure Kode kantua

Denetara hamaika kantuz osatuta dator disko berria eta Geure kode da Bermeoko raperoak aurrerapen kantu gisa aukeratu duen pieza. Jamaikar doinuez osatuta dago. Audio ekoizpena, nahasketa eta masterra Gatom-ek berak egin du Tiro Pun Ekoizpenak estudioetan. Bideoaren grabazioa eta zuzendaritza Xabier Salazarrek eta Iñigo Iriondok (Gatom) berak egin dituzte.

Zabaldu: