Euskaltzaindiak 431 forma berri jaso ditu bere hiztegian

Azken eguneraketa honetan gehitu diren sarrera eta azpisarrera batzuk: buruloka, deliberatu, mastektomia, superni, arteria koronario, euskal etxe, kafe huts, plater zapal, plazebo-efektu, zaharren egoitza.

Euskaltzaindiak 431 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Euskararen Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2022ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.

Hartara, azken sei hilabeteotan 431 forma berri jaso ditu Akademiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 29 sarrera eta 402 azpisarrera. Era berean, 1.322 forma moldatu edo findu ditu: 1.158 sarrera eta 174 azpisarrera. Eta oraingo aldi honetan hortxe egin da ahalegin nagusia, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak azaldu duen bezala: “Eguneratze honetan, forma berriak biltzeaz gain, adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak (irudizkoak, esapideak, adibide azalduak) bistaratzen saiatu gara”. Izan ere, hitz berriei erreparatzeaz gain, lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ahalegin handiak egiten ditu lantaldeak. “Lan hori ez da inoiz amaitzen”, azpimarratu du Urkiak.

Adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak bistaratu

Sarrera eta azpisarrera ugari gehitu zaizkio hiztegiari. Lagin gisa, hona hemen gutxi batzuk: buruloka, deliberatu, mastektomia, superni, superego, azidoak, arteria koronario, euskal etxe, gas natural, golde-etxe, goiz beranduan, kafe huts, plater zapal, orkestra filarmoniko, esku on, plazebo-efektu edota zaharren egoitza.

Baina, batez ere, bestelako kontuak landu dira azken sei hilabeteotan. Esaterako, irudizko erabilerak kendu eta adierak definitu dira. “Argiagoa eta gardenagoa da orain adiera-banaketa”.

Bestetik, adibide azalduak bistaratu eta horietako askorekin azpisarrera berriak egin dira.

Zabaldu: