(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018’ gidaliburua aurkeztu du

Akademiak azken 50 urteetan euskararen normatibizazioaren arloan egindako lana biltzen du argitalpenak.

Euskaltzaindiak Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018 izeneko gidaliburua aurkeztu du, Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin batera. Honetan, Akademiak azken 50 urteetan euskararen normatibizazioaren arloan egindako lana biltzen da. Hain zuzen ere, 2018an, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren baitan egin zen jardunaldian jasotakoak bildu dira argitalpen berrian: guztira, jatorri askotariko 49 adituk hausnartu eta esandakoak. Besteak beste, Eric Hoekstra, Jeroen Darquennes, Joan Marti, Manuel Gonzalez, Battittu Coyos, Miren Azkarate, Miriam Urkia, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Ainhoa Arregi, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxebarria, Ander Irizar, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxagaren gogoetak jasota daude argitalpenean.

Euskaltzaindiak mintegi berezia antolatu zuen 2018ko urrian, Arantzazun mendeurrenaren baitan: bertan, euskararen estandarizazio prozesuan eginiko aurrerapenak azaldu ziren eta, horrekin batera, etorkizunean egin beharreko ahaleginak plazaratu. Hori dena biltzen du gidaliburuak. “Liburu honek corpusari buruzko gogoeta sakona dakar, hots, Euskaltzaindiak hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan, ahoskeraren alorrean… eginiko aurrerapenak azaltzen eta finkatzen ditu. Baina corpusa eta estatusa batera eraman behar direnez, liburuan argi ikusten da, ildo beretik, gure hizkuntza administrazio publikoan, hezkuntzan edo itzulpengintzan baliatzeko tresna fina izan dela eta badela. Horixe da, izatez, Euskaltzaindiaren zeregin nagusia: tresnak sortu eta gizarteratu, berari dagozkion alorretan”, adierazi Urrutiak.

Argitalpena sei ataletan banatuta dago, eta azken 50 urteotako ahaleginen lagin interesgarria eskaintzen du, ondorio ugari azpimarratuz, euskaltzainburuak adierazi duen bezala: “Liburuan ondorioztatzen da euskara batuak bere funtzioa bete duela, jauzi kualitatibo ikaragarria egin baitugu, esaterako, azken 25 urteotan. Euskara batua tresna eraginkorra da erabilera jasoaren ikuspuntutik; zentzu horretan, gizarteak eskatzen dituen funtzio guztiak betetzen ditu eta, gainera, euskararen lurralde guztietara hedatu da”. Sasoia zenean, euskara batuaren auzia “hil ala bizikoa” izan zela nabarmendu du Urrutiak, baina hizkuntzaren “ajeak” ere seinalatu ditu: “Hizkuntzarena eten bako prozesua izanik, oraindik badago zer egin. Esaterako, tokian tokiko errealitate eta moldeak kontuan izan behar ditugu, euskara errealitate berrietara egokitu behar da −digitalizazioa, ikusentzunezkoen aldaera berriak, adimen artifiziala…− eta euskalgintzan gabiltzanok baliatu behar dugu batua koordinazio-tresna gisa. Liburuan ere asko hitz egiten da kontu horien inguruan, hots, etorkizunari begira egin beharreko ahalegin berrien inguruan”.

Gidañiburuaren azken hitza Euskara Batuaren Adierazpena da, bertan berresten baitira Akademiaren helburu nagusiak, oraindik ere bizi-bizi dirautenak. Adierazpen hori Joan Mari Torrealdai euskaltzainak irakurri zuen 2018an antolatutako Arantzazuko mintegian.

Liburua eskuratzeko, hemen.

Zabaldu: