(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Denboraren gurpilean’ liburua eta ‘Berba-mintzoak’ bilduma aurkeztu ditu

Bilduma etnografikoa da eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) obran jasotako lekukotasun oparoan du oinarri.

Euskaltzaindiak eta Laboral Kutxak Denboraren gurpilean liburua aurkeztu dute gaur Akademiaren Bilboko egoitzan. Gainera, liburuak bilduma berri bat estreinatu du, hain zuzen, Berba-mintzoak bilduma. Liburu-sorta berri honen helburua da Euskaltzaindiak aurreko mendearen 80ko hamarkadan abiarazi zuen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoaren mamia gizarteratzea, modu lau eta erakargarri batez.

Azaldu dutenez, bilduma etnografikoa da Berba-mintzoak, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa obran jasotako lekukotasun oparoak ditu oinarri. Atlasa Euskaltzaindiak 1984an abian jarritako egitasmoa da eta ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Hizkuntza atlasa da. Ehunka inkesta egin ziren 80. hamarkadan, eta galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen zituen: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren.

Ipuinak, errituak, kantak eta esamoldeak
Hedabideen aurrean eginiko agerpenean izan dira, hurrenez hurren, Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendaria, Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria eta Zuriñe Goitia Euskaltzaindiko teknikaria.

Adolfo Arejita euskaltzain osoak azaldu duenez, “denboraren kontzeptua da lehen liburukirako hautatu dugun gaia. Ondoren etorriko dira argizagiei eta eguraldiari dagozkionak, eta arian-arian, Atlasaren inkestan jorratu ziren gai-arlo nagusiak. Hamabi edo hamairu gai-arloko sorta dugu aurrez begiz jota”. Honela, Arejitak gaineratu du bilduma berriak Herri Hizkeren Atlasaren “harribitxiak” agerian jarriko dituela, besteak beste, 80. hamarkadan eginiko inkesta horietan jaso ziren ipuin, kontakizun, erritu, esamolde, kanta, ohitura eta sineskerak, orain arte publikatu gabeko material interesgarria.

Zuriñe Goitia Euskaltzaindiko teknikariak, bere aldetik, liburuaren zehaztasunak aletu ditu aurkezpenean: “Berba-mintzoak bildumaren lehenengo alea den Denboraren gurpilean honek, denboraren antolaketari eta egutegiari lotutako kontzeptuak landu ditu; kontzeptu edo eduki horiek izendatzeko hitz zein forma askotarikoak azaltzeaz gain, irakurleek euskararen eremu barruko hainbat kultura-, bizimodu- eta ohitura-adierazpen aurkituko dituzte”.

Hala, liburuaren gorputza hiru atal nagusitan antolatuta dago. “Lehenengoa Denboraren antolaketa da”, zehaztu du hizkuntzalariak, eta “bertan astearen egunak, urtaroak eta urteko hilabeteak zehaztu dira. Bigarrenean, Egunaren atalak eta agurrak izenekoan, egunsentia, goiza, eguerdia, arratsaldea eta abar xehetu ditugu, baita egunaren atalotan erabilitako agurrak ere; eta hirugarrenean, Urteko egun seinalatuak izenburupean, urte barruko egun printzipalei erreparatu diegu, Urteberri egunetik Eguberri egunera bitartekoei”.

Markel Urrutia ilustratzaileak eginiko irudiek hornitzen dute liburua, edukiei lagunduz, (azaleko irudia ere berea da). Gainera, atal bakoitzean QR kodea ere badago, nahi izanez gero Herri Hizkeren Atlasean baturik dauden hizkuntza-mapetara jo eta hantxe ezarritako lexiko-adierazpen guztien irudikapen geografikoa eskuratu ahal izateko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna