Jon Sarasua aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Euskararen Gogoetagunea (I)’ argitalpena plazaratu du

Jon Sarasua Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzailearen arabera, 2022tik, euskararen etorkizun-ikuspegi artikulatua osatzeko ariketan pausoak eman ditu Euskararen Gogoetaguneak, eta lan horiek biltzen ditu liburu honek.

 Euskararen Gogoetagunea (I) argitalpena aurkeztu du Euskaltzaindiak Donostian. Jon Sarasuak koordinatutako Euskararen Gogoetagunea proiektua 2022an aurkeztu zuen Euskararen Akademiak. Ordutik, Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratu da egitasmoaz, eta “hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea du xede, ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez”.

Hala, argitalpen berrian Gogoetagunearen ezaugarriak azaltzen dira, orain arte egitasmoak emandako emaitzekin batera, hain zuzen: Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratutako Euskararen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra ponentzia, eta Jon Sarasuak ondutako Euskararen etorkizun-ikuspegia (euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia) ponentzia.

Sarasuak orain arte eginikoak aletu ditu aurkezpenean, eta bigarren argitalpen batek zer ekarriko duen ere aurreratu nahi izan du: “Euskararen etorkizun-ikuspegi artikulatua osatzeko ariketan pausoak eman ditu Euskararen Gogoetaguneak 2022tik hona. Abiapuntuko bi ponentzia landu, kontrastatu eta argitaratu ditu. Batetik, egoeraren diagnostikoaren ponentzia, eta bestetik, etorkizun-ikuspegiaren ponentzia sintetikoa. Ponentzia sintetiko honen ondoren, beronetan aipatzen diren arlo eta adarren garapena egiten duten ponentziak martxan dira, batzuk jadanik landuak eta kontrastatuak, eta beste batzuk lantze-bidean. Administrazioaren etorkizun-ikuspegiari buruzkoa, hedabideen etorkizun-ikuspegiari buruzkoa eta helduen euskalduntzearen etorkizun-ikuspegiari buruzkoa landuta daude, eta haiek osatuko dute hurrengo argitalpena. Horiekin batera, beste arlo batzuetako ponentziak abiatuta daude, arlo horietako adituen eskutik”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna