Maddi Aiestaran, Iñigo Otaegi, Ainhoa Leyaristi, Audrey Serrano, Endika Uriarte, Alazne Fernandez de Muniain, Oier Urreizti eta Mikel Perez dira saridunak.
Euskaltzaindiak, Mintzola egitasmoaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi deialdi argitaratu zituen martxoan. Bat, gradu- eta master-amaierako zazpi lan saritzeko, eta bestea, hiru ikerketa-lan monografiko diruz laguntzeko.
Denera, hamabi eskaera aurkeztu dira, eta epaimahaiak ondoko zortzi egitasmoak saritzea erabaki du: Maddi Aiestaran Beasaingo gazteen kafe-tertulia, Iñigo Otaegiren Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio-jolasak, Ainhoa Leyaristiren Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz: kasu-marka eta aditz komunztadura, Audrey Serranoren Iruñerriko gazteen hizkera, Endika Uriarteren Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian: kasu azterketa, Alazne Fernandez de Muniainen Lexikoaren aldakortasuna Imozko hizkeran. Inkesta linguistikoak, Oier Urreiztiren Aldudeko ibarreko euskara eta Mikel Perezen Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan.
Gradu- eta master-amaierako lanak onduko dituen ikertzaile bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu, eta irailaren 29ra arteko epea izango du proiektuak garatzeko.
Ikerketa-lan monografikoaren saridunak 3.000 euroko laguntza jasoko du eta 2024ko otsailaren 29ra bitarteko epealdia izango du ikerketa-lana entregatzeko.
Euskaltzaindiaren arabera, “ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua”.