Hainbat belaunalditako poetari luzatutako galdera bat izan du abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?. Ekitaldian parte hartu dute Edorta Jimenezek, Sonia Gonzalezek, Tere Irastortzak, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek.
50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren harira, egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.
Horietako bat da Arestik euskal idazleengan izandako eragina aztertzeko antolatutako jardunaldia. Poetaren heriotzaren 50. urteurrenean hainbat belaunalditako idazleei egindako galdera bat izan du abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean? Edorta Jimenezek, Tere Irastortzak, Harkaitz Canok, Sonia Gonzalezek, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek beren gogoeta poetikoak eskaini dituzte jendaurrean, norberak Arestiren betaurrekoak jantzita.
Jardunaldian bertan, bilduma berri bat aurkeztu du Euskararen Akademiak, Galda izenekoa. Bildumaren helburua Euskaltzaindiak antolatzen dituen literatura-ekintzen testigantza idatzia jasotzea da, dibulgazioa egiteko jaso ere. Honela, lehen zenbakiak jardunaldiaren hitzaldiak jasotzen ditu eta bertaratu diren literaturazaleen artean banatu da.