(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Junes Casenave-Harigileren Olerki bildüma’ eta ‘Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu?’ aurkeztu ditu Saran

Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak Junes Casenave-Harigileren Olerki bildüma aurkeztu du Idazleen Biltzarrean, Jon Casenave euskaltzain osoak, berriz, Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu? saiakera.

Sara euskal liburugintzaren hiriburu bihurtzen da urtean behin, hain zuzen, Idazleen Biltzarraren eskutik. Aurten 43. ahalegina dute, eta beste behin, Ipar eta Hego Euskal Herriko sortzaile eta euskaltzalez blaitu dira Sarako karrika eta bazterrak. Euskaltzaindiak hastapenetatik parte hartu du azokan, eta aurten ere bertan izan da. Batetik, iaz eta aurten plazaratu dituen nobedadeak erakutsi ditu Sarako kiroldegiko erakusmahaian, eta, bestetik, bi liburu berri aurkeztu ditu, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin editatu direnak.

Batetik, Battittu Coyos euskaltzain osoak Junes Casenave-Harigileren Olerki bildüma agertu du jendaurrean. Zuberotarra aspalditik dabil Casenave-Harigileren idatziak aztertu eta editatzen, eta honako hau poesiari lotua dago estuki”, adierazi du Euskararen Akademiak. “Bi dosier badira liburuan: lehen do­sierreko 138 olerkietan denetarik dugu aipagai (natura, liliak, animaliak, iragaten eta egiten den denbora, jendea, bizitzaren gorabeherak, sentimenduak…), eta bigarren dosierrak erlijioneari loturik diren hamalau olerki biltzen ditu. Casenave-Harigilek maite zuen poesia sinple eta ulergarria, ez zitzaion gustatzen poesia ilun edo ez ulergarria. (…) Bitxia bada ere, zuberotarra ez da agertzen Ipar Euskal Herriko poeten antologietan, baina orain zuzendu beharko da ikuspuntu hori, jada badakigulako poeta ere izan zela”.

Euskararen Akademiak Casenave-Harigileren Zortzi pastoral berri argitaratu ditu aurreko urteetan, bi liburukitan banatuta. Lehen liburukian, apaiz zuberotarrak idatzitako lau pastoral bildu zituen Coyosek (Agosti Etxekopar, Atarratze, Barkoxe eta Dabid), eta iazkoan beste lau agertzen dira, hain zuzen, Judit, Larraine, Lüküze Xarles Laugerrena eta San Frantzisko Xabier.

Bestetik, Jon Casenavek bere azken saikaera aurkeztu du kiroldegi ondoko karpan: Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu? Liburu honetan, hainbat gai jorratzen ditu euskaltzainak, besteak beste, nola osatu den euskal klasikoen corpusa, nola finkatu den euskal kanon literarioa XX. mende erditik aurrera, gaiari buruz Jon Etxaidek, Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak edo Joan Mari Torrealdaik eginiko ekarpenak, zertan diren gaur egun gure harremanak lehengo autoreekin… “Euskal egile klasikoak aipatzen ditut, baina gaurko begiradarekin, gaur egungo ikuspuntutik. Erakutsi nahi izan dut, azterketa historiko batean, nola agertu diren euskal kulturan eta nola gailendu diren memorian atxikitu ditugun klasiko horiek”, adierazi du ekitaldian euskaltzain osoak.

Egileak azpimarratu duenez, “inguruko kulturetan asko ohoratzen dira klasikoak, eskolan ikasten dira, unibertsitatean lantzen dira eta sarri berrargitaratzen dira. Hau da, kultura arruntean sartuak dira. Tamalez, gurean ez da halakorik gertatzen. Gurean, azken 20 urteotan autore zaharrak astiro-astiro ezabatzen hasi dira eta hori galera handia da, iraganeko gure kulturaren lekukoak baitira eta esaten baitigute nolakoa zen iraganeko euskara literarioa. Liburuan erakusten dut klasikoak nola agertu diren gure kulturan, jakiteko zer harreman nahi dugun autore horiekin. (…) Zentzu horretan, euskal klasikotegi bat berrantolatu beharra dago, gaur egungo irakurleentzat egokitutako bilduma berri bat, guztion probetxurako izanen dena”, azpimarratu du egileak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna