Euskaltzaindiak ‘Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa’ kaleratu du

Akademiak eta UZEIk Klima-aldaketaren inguruko esamoldeen hautaketa bat egin eta oinarrizko lexikoa argitaratzeko beharra antzeman dute, oinarrizko kontzeptu batzuk argitu eta euskarazko terminoak finkatzen laguntze aldera.

Euskaltzaindiaren arabera, hedabideetan nahiz kalean gero eta gehiago hitz egiten da klima-aldaketaz eta aldaketa horri aurre egiteko hartu behar diren neurriez. Esate baterako, gai horrek zeresan handia eman du Nazio Batuen Erakundeak antolatu berri duen nazioarteko COP26 goi-bileraren harira.

Horrela, klima-aldaketaren inguruko esamolde ugari ari dira txertatzen eguneroko hizkeran, baita euskaraz ere, eta Euskaltzaindiak eta UZEIk horien hautaketa bat egin eta Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa argitaratzeko beharra antzeman dute, oinarrizko kontzeptu batzuk argitu eta euskarazko terminoak finkatzen laguntze aldera.

Akademiak urtarrilaren 28ko Osoko Bilkuran onetsi zuen aipaturiko lexikoa. Bertan, 25 kontzeptu bildu dira, hala nola deskarbonizazio, karbono-aztarna eta klima-larrialdi.

Euskaltzaindiak eta bere erakunde atxikia den UZEIk elkarlanean argitaratu dituzten beste lexikoetan bezala (Koronabirusaren oinarrizko lexikoa eta Telelanaren oinarrizko lexikoa), oinarritzat hartu dira akademiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, bai eta inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiak ere. Era berean, lan honetan oso kontuan hartu da klima-aldaketari buruzko euskarazko erabilera ere, bereziki, hedabideetakoa.

Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa Euskaltzaindiaren webgunean ikus daiteke (euskaltzaindia.eus).

Zabaldu: