(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak XXI. mendeko ‘Euskararen gramatika’ kaleratu du

Azken hogeita bost urte hauetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartu dira Gramatika berria egiterakoan. Kontuan hartu dira azken urteetan egindako ikerketa teorikoak, baina deskribatzailea da gramatika hau, ez teorikoa.

Euskaltzaindiak XXI. mendeko Euskararen Gramatika aurkeztu du Bilbon, eta bertan, Pello Salaburu euskaltzain osoa eta Gramatika batzordeburuak lan berriaren iturburua argitu du lehenik: “XXI. mendeko Gramatikak jarri genion izena Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira antolatu genuen Gramatika jardunaldiari. Eta XXI. mendeko Euskararen Gramatika gisa aurkeztu genuen amaitu berria genuen gramatika ere bai”.

Luze jo dute argitaratze-lanek, baina Akademiak aurkeztu duen Euskararen Gramatikak baditu mende honetan egin diren gramatiken ezaugarrietako asko, Salaburuk azaldu duenez: “Izan ere, garaian garaiko moldeak, kontzeptuak, izaten dituzte eskura gramatikariek eta horien arabera deskribatu eta azaltzen dituzte hizkuntzen ezaugarriak. Beraz, azken 25 urte hauetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartzea dagokigu”.

Ondoren, gaur egungo gramatikek eta Euskararen Gramatikak partekatzen dituzten ezaugarriak aletu ditu: “Egungo gramatikak talde-lanaren fruitu dira. Ez dira egile bakarrarenak, baina ezta hainbat egileren kapituluen bilduma huts ere. Talde batek adostutako lanak dira. Gure kasuan, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen lana; gainera, deskribatzaileak dira gramatika horiek, ez dira gramatika teorikoak, baina kontuan hartzen dituzte azken urteetan egindako ikerketa teorikoak; izan ere, gramatika modernoak egungo ikerketen sintesi izan ohi dira. Horrez gain, gramatika hauek tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka bilatzen dute. Guri dagokigunez, azken hogeita bost urte hauetako euskarari buruzko ikerlanen ekarpenak ere ekarri ditugu Euskararen Gramatikara”. Azken kontu honi dagokionez, Salaburuk gaineratu du horrek berarekin dakarrela “gramatika tradizionaletan ageri ez ziren kontzeptuak azaltzea”, baina betiere “gramatikari garaikideen artean guztiz hedatuak daudenak”.

Berritasunak

 Salaburuk berritasunak ere nabarmendu ditu: ‘deklinabide’ eta ‘kasu-sistema’ kontzeptuak bereizi dira, eta, Van Eysek XIX. mendearen amaieran egin bezala, euskaraz ‘kasu atzizkiak’ eta ‘postposizio atzizkiak’ ere bai; ‘argumentu egiturak’ eta ‘paper tematikoak’ kontuan hartu dira aditzen sailkapena egitean, baita hitz elkarketa eta eratorpena aztertzean ere; ‘hitz ordena’ kontzeptua ikuspegi zabalago batetik aztertu da, eta ‘sintaxi egitura’ eta ‘informazio egitura’ bereizi dira. Eta informazio egitura aztertzean EGLU-I Eranskineko kapitulua osatu da; Morfologia lexikoari zazpi kapitulu eskaini zaizkio: Euskaltzaindiak Hitz elkarketaz argitaraturiko lau liburukiak laburtu eta eratorpen atzizkiak banan-banan aztertu dira; Izenari, adjektiboari, izenordainei, adberbioari, determinatzaileei eta aditzei eskainitako kapituluak sakonki berritu dira. Hau da, EGLU-I eta EGLU-II goitik behera berrikusi, aldatu, eta osatu dira; Perpausetik goragoko ikuspegian sakondu eta diskurtso markatzaileei bi kapitulu  mardul eskaintzea erabaki da, argitaratu zenean guztiz berria zen ‘lokailu’en gaia (EGLU-III) osatu, ‘diskurtso-markatzaile’en barruan kokatuz.

Zabaldu: