Gizarte berdinzale eta demokratikoagoa eraikitzeko, euskarak ere erdigunean egon behar duela eskatuko du kanpainak.
Covid-19ak sortutako krisiak euskalgintzan nahiz bestelako gizarte esparruetan hainbat hutsune agerian utzi dituela adierazi du Kontseiluak, “herritarren arteko desberdinkeria eta zaurgarrienekiko bazterketa begi bistakoa izan da, normalitatea deitu izan duten hori ez zelako denona. Hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori. Horregatik, normalitate berri baterantz jotzeko abagunea dugu orain, elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik. Baita hizkuntza auziei dagokionez ere”, azaldu dute.
Egoera horri erantzuteko, Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz kanpaina abiatu dute, eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa, gertutasuna eta konpromiso kolektiboa oinarri duena. Hala, Kontseiluak herritar nahiz bestelako eragileei ere dei egin die kanpaina honetan parte har dezaten. “Norbere esparru eta esperientziatik, geroa euskaratik zergatik eraiki behar den azaltzeko aukera eskainiko die kanpainak”, azaldu dute. “Geroa euskaratik ardaztu behar dugula diogunean, gizarte osoaren onuraz ari gara” azpimarratu nahi izan dute.
Kontseiluak bost arrazoi nagusitan bildu ditu geroa euskaratik eraikitzeko beharraren garrantzia: euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu; euskalduna nola, gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna da euskara…; begirune hori landuz, elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen du; euskara herritarren eskubide guztiak bermatzeko oinarria da; ondorioz, gizarte berdinzale eta demokratiko baterako zutarria da.
Herritarren eta eragileen ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa dela uste du Kontseiluak, horregatik, kanpainak edonori leku egin nahi die, eta herritar, eragile nahiz bestelako norbanako zein taldeei galdera honi erantzuteko gonbita luzatu nahi die: Zergatik geroa euskaratik?.
Kontseiluko bazkideak izango dira galderari erantzuten lehenak. Bideo laburrak osatu dituzte horretarako, eta sarean tantaka plazaratuko dira. Bazkideen artean daude Elhuyar, Topagunea, EHE, Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, UEU, Bertsozale elkartea, Emun, Elkar, Jakin, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, AEK, IKA, Berria… Era berean, gizarteko aurpegi ezagunek ere parte hartuko dute kanpainan, esparru anitzekoak. Horiek ere tartekatuz plazaratuko ditu Kontseiluak egunez egun sarean.
Azkenik, Euskara ere normalitaterantz? mahai-ingurua antolatuko dute Berriak, Martin Ugalde Foroak eta Kontseiluak datorren ekainaren 4an, Martin Ugalde Kultur Foroan.