(argazkia: Plazara Elkartea)

Euskara erdigunean jarriko duen Plazara egitasmoa aurkeztu dute Azkainen

Egitasmoak Euskal Herriko txoko eta esparru guztietan euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea du helburu.

2023ko irailaren 26an, Europako hizkuntzen egunaren karietara, Euskal Herriko txoko desberdinetako euskaltzaleak Azkaineko plazan elkartu dira Plazara proiektuaren aurkezpen publikoan parte hartzeko. 12 hilabeteko sortze prozesuaren ondoren, Plazara egitasmoa sortu da. Ibilbide eta jatorri anitzetako lagunez inguraturik, bi dinamika, hiru dimentsio, lau lan ardatz eta hamaika amets ttiki dituen proiektua da”, azaldu dute Plazara Elkarteko kide diren Xan Airek, Irati Fernandez Arbelaitzek, Eneko Gorrik eta Kamila Harluxet Gratienek.

Elkarteko kideek jendearekin biltzen, egitura sortzen, beren buruak formatzen eta lehen eskaerei erantzuten pasa dutela urtea adierazi dute. “Ez ginuen irudikatzen hainbesteko lana zela gisa horretako tresna bat sortzea”, aitortu du Gorri mediazioaren arduradunak, “baina bidean, gauza eder asko bizitzen ari gira; eta noizbenka korapilo txiki batzuk deskubritzen ari gira ere”. Diotenez, urte batez, jende eta eragile askorekin bildu ondoren indartu eta egokitu izan dute egitasmoa.

Ideal partekatu bat

Euskalgintzako beste eragileekin partekatutako anbizioa du Plazarak: “euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea, Euskal Herriko plazetan: lantegietako jangelan, ikastolako atarian, lagunarteko poteoan, hirietako karriketan, herrietako bestetan, plazetako merkatuetan. Lan-munduan, instituzioetan, elkarteetan, egunerokoan”.

Bide horretan ekarpena egiteko, hizkuntza mediazioan oinarrituko du bere lana Plazarak “erdaldunentzat euskara hurbilago izateko, euskaldunentzat presenteago eta egiturentzat praktikoago”, zehaztu dute. “Bizi giren hiru lurraldeetan, 35 eta 49 urte artekoen %85a erdalduna da eta ama eskoletako haurren %47ak euskaraz ikasten du. Hizkuntza, herria eta herritarren arteko loturak indartu behar dira”, gaineratu dute.

Talde lana eta diziplinartekotasuna

Gaur egungo jendartearen beharretatik abiatuta, beren denbora bi esku-hartzeen artean partekatuko du kolektiboak: alde batetik, tresna baliagarriak sortzea: “euskararen inguruko mediazioa, sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeko (infografiak, euskararen erabilera garatzeko kitak, hizkuntza baliabideen webgune erreferentziala, euskararen inguruko sentsibilizazio kanpaina partekatuak, ihes joko konektatu eta interaktiboa, euskara deskubrimenduak, erabilera eta euskal kultura lotzeko gogoetak, hizkuntzen arteko gertakariak…)”. Bestalde, beste egituren bidelagun izatea: “laguntza eta zerbitzuen bitartez euskara erdigunera ekartzeko gisan (euskara-plan parte hartzaileak, aholku praktikoak, itzulpenak, formakuntzak, iniziazioak, gertakari antolaketak…)”. Hainbat diziplina uztartuz (soziolinguistika, komunikazio zientziak, pedagogia, parte-hartze prozesuak…), talde lanean oinarrituz eta inguruko eragileekin lankidetza estuan eragin nahi du Plazarak. “Batzuetan beste egituren kontu, ta beste batzuetan gure tresna edo dispositibo propioak sortuz”, zehaztu du Irati Fernandez Arbelaitzek.

Euskarari ikusgarritasuna emateko, itzulpenak, komunikazio kanpainak, euskara planak, kontseilu praktikoa, ikerketak, aktibazio tailerrak eta gogoetaldiak, besteak beste eskaintzeko asmoa azaldu dute elkartekoek.

Lan guzti hauetan hasiak dira azken hilabeteetan, orotara 43 egiturekin partaidetzan: Maurizia gune okupatutik Connecteurreko open spacetara, Euroeskualdetik munduko hizkuntza lankidetzara, Euskarabentura espediziotik Surfrider egunera, Lapurdiko Herriko Etxe batzuetatik Baionako presondegira, AEK-ko ikastaldietatik EHUko udako ikastaroetara, Soziolinguistika jardunalditik ikastetxeetara… “Guk, ez dugu jendea euskaldunduko eta ez ditugu egiturak labelizatuko”, zehaztu du Fernandezek. “Horretan biziki ongi ari diren eragileak badira. Iniziazio eta tresnen bidez, gure xedea da erdalduna eta euskaltegiaren arteko bidea laburtzen laguntzea, ikasten ari direnak usaia berrien hartzera akuilatzea eta euskaldunak lotsa batzuk askatzen bideratzea.”

Xan Airek hizkuntza lankidetzaren garrantzia eta Garabide elkartearekin eraiki den partaidetza estua azpimarratu ditu. “Mundu mailan haien hizkuntza eta kulturaren alde borrokatzen diren populuek inspiratzen gaituzte, eta denak elkartuz dugu hizkuntzen biziberritzearen gaiari oihartzun gehiago emanen jendartean”. Amazigh, Quebec, Katalunia, Bretainia, Maputxe, Aimara, Guarani edota Korsikarrekin harremanak dituzte, besteak beste”.

Atxikimendu kanpaina

Urte beteko ibilbidearen ondotik, Plazara elkarteak ez du lanposturik sortu ahal izan. Zehaztu dutenez, azarotik aurrera sortuko dituzte lehen kontratuak, molde progresiboan. Bitartean, proiektu berriak garatu ahal izateko, Plazatik altxa dezagun Plazara izeneko atxikimendu kanpaina abiatu dute. “Plazara sustengatzeko molderik hoberena bazkidetzea da”, zehaztu du Harluxetek. “Herri oldar bat senditu nahi genuke gure proiektuaren gibelean”.

Abenduan burutuko den Biltzar Nagusirako, 1.000 bazkide lortzeko helburua finkatu dute, kopuru handia dela aitortuz. “Euskal Herri osoan zehar ibiliko gira Plazara aurkezten”.

Zabaldu: