Tresna berriaren helburua: euskara batuaren arauak modu sinplifikatuan agertzea, Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratuz eta euskara batuak onartzen dituen Iparraldeko formak lehenetsiz.
Euskaltzaindiak tresna digital berria aurkeztu du Baionan: Euskara eskuz esku. Berrogeita hamar bat urtez Euskaltzaindiak garatu duen euskara batuak bere bidea egin du euskal komunitatean; Ipar Euskal Herrian ere bai. Haren beharra ez dute eztabaidatzen orain euskaraz idazten dutenek, eta gizarte-alor anitzetan sartua da, bai idatzian, bai ahozko moldean ere. Hala ere, adituez gain, Ipar Euskal Herrian gutxi edo gaizki ezagutua dela ohartu dute. Sarritan tokiko hizkerekin nahasten da batua, eta beste batzuetan ez da jakiten noiz erabili behar den eta nola. Hortaz, hori dena argitu nahi duenari lagungarri egingo zaio EEE tresna digital berria.
Hala, Euskara eskuz esku (EEE) proiektuak Ipar Euskal Herriko hiztunei hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen duen euskara batuaren hedatzeko tresna linguistiko berria ematea du helburu. Euskarri horrek Euskaltzaindiak ematen dituen gomendioak eta arauak proposatzen ditu artikulu errazen bidez, Ipar Euskal Herriko hizkuntza-aniztasunari dagozkionak azpimarratuz. Hizkuntza idatziari eta ahozkoari lotuak diren eremu guztiak aurkezten ditu: ortografia, morfosintaxia, hiztegigintza, fonetika eta fonologia, onomastika. Euskara batua eta Iparraldeko euskalkien egoeraz, dialektologiaz, literaturaz… artikuluak irakur daitezke.
EEEn 123 arau landu dira. Arauen aurkezpenean Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratu dira, esan nahi baita adibideetan euskara batuan onartzen diren Iparraldeko formak lehenesten direla. Gainera, euskara batua Ipar Euskal Herriko hizkuntza-testuinguruan kokatzeko, euskarri batzuk kontsulta daitezke EEEn: lekukotasun-bideo, ahoskeraren audio-grabazio, artikulu batzuk…
Bestalde, erabiltzaileak zalantzak edo galderak baldin baditu, zuzenki idatz dezake eta Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren bidez berehalako erantzun pertsonala eskuratuko du.
Helburuko erabiltzailea Iparraldeko euskaldun alfabetatua da, euskara batua erabili nahi duena: irakasleak, ikasleak, euskara idatzia erabiltzen dutenak eta, jende horretaz haraindi, diasporan edo Hego Euskal Herrian gai honetaz interesa duen oro.
EEE ondoko iturrietan oinarritzen da: Euskaltzaindiak 1994tik argitaratzen dituen arauak; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Euskara Batuaren Eskuliburua; eta Euskal Onomastikaren Datutegia. Halaber, EEE landu duen lantaldea zazpi lagunek osatzen dute: Jean-Baptiste Coyosek (zuzendaria); Isabelle Duguinek (ikertzailea) eta aholkulari lanetan ibili diren Andres Alberdik (euskaltzain urgazlea), Jean-Louis Davantek (euskaltzain osoa), Txomin Peillenek (euskaltzain osoa), Xarles Videgainek (euskaltzain osoa), eta Allande Socarrosek (euskaltzain urgazlea).