(argazkia: EEI)

Euskara eta euskal kultura irakurletzetako 27 ikaslek aurrez aurreko ikastaro trinkoa egingo dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian

Bi txanda izango ditu ikastaroak: lehena, uztailaren 14tik 25era; bigarrena, abuztuaren 4tik 15era. 

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate programaren baitan euskara eta euskal kultura irakurletzetako 27 ikaslek aurrez aurreko ikastaro trinkoa egingo dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian. Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak.

Egonaldiak bi txandatan egingo dituzte. Lehendabizikoan, uztailaren 14tik 25era eta zazpi ikaslek hartuko dute parte. Hiru ikasle Poloniatik etorri dira; eta Herrialde Katalanak, Estatu frantsesa, Erresuma Batua eta Uruguaitik ikasle bana. Euren euskara mailaren arabera kokatu dituzte ikasgeletan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, A1 eta B2 maila artean. Egonaldiaren helburua euskalduntzearen maila bat aurreratzea da.

Bigarren txanda abuztuaren 4tik 15era egingo da eta nazioarteko 20 ikasle hartuko ditu: Poloniatik sei ikasle; Universitat de Barcelonatik lau; Uruguaitik hiru; Italia, Erresuma Batua eta AEBetik bina ikasle; eta Estatu frantsesetik ikasle bakarra.

Euskara ikasteko bekak

Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute. Bi erakundeek erdibana bere gain hartzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua, eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute.

Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak eta iaz 1.300 ikasletik gora zeuden matrikulatuta euskal ikasketekin loturiko eskoletan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna