Katixa Dolharé-Çaldumbide, Baionako unibertsitateko irakaslea (argazkia: UEU)

‘Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara’ jardunaldia abian da Baionan

Katixa Dolhare Zaldunbide literatura irakasleak bertan parte hartuko du, bere ustez, “iteratura hezkuntzaren zimendua da”.

Seaskak eta UEUk Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek (Ezpeleta, 1982).

Nafarroa Beherean errotu den literatura ikasle honen arabera, “literaturaren irakaskuntzan aurki daitezke lehenagoko humanitateak, literaturaren baitan atzeman daitezkeelako historia, hizkuntzak, filosofia, estetika. Zorroztasuna eta irudimena biak uztartzen ditu, seriotasuna eta umorea bezala. Nire irudiko, literatura hezkuntzaren zimendua da, gazteen gogo-bihotzen loratzea ahalbidetzen duelako. Gizakiaren eta munduaren konplexutasuna ulertzeko bidelagun paregabea da”.

Dolhare euskal literatura bigarren hezkuntzan lantzeko moduaz arituko da ikastaroan. “Bigarren hezkuntzan, literatura ezberdinki landua da Euskal Herriko hezkuntza-sistema ezberdinetan. Frantzian eta Iparraldean, literatura, frantseseko programaren zentroan da, eta frantseseko programa curriculum osoaren zentroan dago. Literatura kosmobisio oso baten bideratzaile gisa ikusia da, hertsiki lotua historia, filosofia, hizkuntza eta arteari, eta biziki zehazki landua da, modu akademikoan zein modu ludikoan. Ez dira testuliburuak baitezpada erabiltzen, baina bai liburu osoak irakurtzen. Hegoaldean, berriz, helburu soziokomunikatiboek dute lehentasuna, eta literatura bigarren maila batean utzia da”, azaldu du.

Estatu frantseseko hizkuntza-programetan (barne: euskara-programan), hiztunen formakuntza xede nagusia dela nabarmendu du irakasleak: “literatura tresnatzat har daiteke hizkuntza lantzeko, baina ez du, berez, leku handirik. Ondorioz, Ipar Euskal Herrian, euskal literaturak ez du kasik presentziarik bigarren hezkuntzan. Frantseseko programa eredugarri iruditzen zaigun literaturazaleontzat, frustrazio izugarria sortzen du egoera horrek”.

Hala, Bigarren hezkuntzako ikasleek ez dutela euskal literatura behar bezala ezagutzen azpimarratu du eta jardunaldia esperientziak partekatzeko gunea izango dela gaineratu du, “nahiko nuke motibazioa sentitu ekintzetara pasatzeko, kolektiboki: curriculum bat eraikitzeko, euskarri pedagogikoak sortzeko, irakasle irakurzale sare bat sortzeko…”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna